

Secciones
Servicios
Destacamos
Viernes, 30 de julio 2021, 14:02
Gradu Amaierako Lanean, UPV/EHUn Lehen Hezkuntzako ikasketak burutu dituen Unai Arrugaeta Amadozek LHko bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek, hamar-hamaika urteko neska-mutikoek, sarean eta bideo-kontsoletan nola entretenitzen diren ikertu du. Jarraitzea gustatuko litzaiokeen lanaren emaitza ez da mugatu baldintza akademiko bat betetzera. Izan ere, 'Bideo-jokoak' webgunean bildu ditu emaitzak, interesa duten guztiek ikus dezaten adin txikiko horiek zein jokorekin igarotzen duten denbora, zein diren horien ezaugarriak eta nola mugatu daitezkeen horien bortizkeria maila edo erabilera bera.
Seme-alaben aisialdiari buruzko interesa eta kezka duten gurasoentzat baliabide oso interesagarria izan daiteke, «seme-alaben aisialdiaz gehiago jakiteko erreferentzia gida bat izan dezaten». «Zertan jolasten dira nire seme-alabak?» galdera da nagusi alegia adin horietan erabilienak diren sei jokoak aztertzen dituen webgunean.
Fornite, Brawl Stars, Among Us, Fifa, Miecraf edo Roblox dira adinez txikikoak edo nagusiagoak gertu dituztenek entzunda izango dituzten izenak. Sareko eta bideokontsoletako modan dauden bideo-joko batzuk dira horiek, baita Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek gehien erabiltzen dituztenak ere, behintzat, mutilen kasuan, neskek denbora librea sare sozialetan pasatzeko joera handiagoa dutelako.
EHUk berriki zabaldu duen elkarrizketa batean Unai Arrugaetak (Derio, 1998) berak dioenez, susmoa zuen Lehen Hezkuntzako azken bi ikasturteetako ikasleak Interneten sartzen zirela sare sozialen bidez. Hori frogatzeko, Larrabetzuko Eskolarekin harremanetan jarri eta baimena eskatu zuen Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei inkesta bat egiteko, ikastegiko irakasleen eta gurasoen laguntzarekin. Hala ere, konturatu zen neskak batez ere sare sozialen bidez sartzen direla Interneten, eta mutilak, berriz, bideo-jokoen bidez.
Emaitzak ikusita, GRALaren egileak erabaki zuen «bideo-jokoen aurreko joera hori ikusaraztea eta horren berri ematea gurasoei eta irakasleei, eta azaltzea adinez txikiko horiek Interneten zein esparrutan mugitzen diren, zer arrisku duen eta nola kontrola dezaketen». Ikerketaren ondorioz sortu den webgunean azken hilabeteetan zehar bildutako informazioaren euskarri teorikoa den testua ere dago eskuragarri.
«'Bideo-jokoak' webgune bat da», azaldu du sortzaileak, «baina gurasoei jolas horiek nolakoak diren ezagutzen laguntzen dien gordailu bat ere bada: bideo-jokoak barrutik nolakoak diren ikusteko azalpen bideoen bidez: ezaugarriak, PEGIren arabera (Pan European Game Information) zein adinetarako diren, indarkeria maila, nola blokeatu eta askoz gehiago.» Bideo-jokoak aztertzeaz gain, Arrugaetak euskarri teorikoa eman dio bere Ikerketari, Euskal Herriko Unibertsitateko egileek argitaratutako testuen bidez.
Egile horiek ibilbide luzea egin dute adinez txikikoen eta Interneten arteko harremanak ikertzen, hala nola Maialen Garmendiak eta Carmelo Garitaonaindiak. «Gure unibertsitatea bera abiapuntua izan zedin nahi nuen, eta gero estatuko eta nazioarteko ikertzaileen lanak ere irakurri nituen», argitu du.
Egileak azpimarratu nahi du adinez txikiko askok gero eta lehenago dutela sarbidea sareetarako zein Interneterako. «Nik ez nuen mugikorrik izan DBH bigarren mailan egon nintzen arte, eta lehenengoa, gainera, Nokia bat izan zen. Gurasoekin komunikatzeko eta dena ondo zihoala adierazteko balio zuen, ezin zuen beste gauza handirik egin», gogorarazi du hogeita bi urteko ikasleak. «Hori asko aldatu da denbora gutxian; orain joera da Lehen Hezkuntzako azken bi mailetan ikasleek smartphone bat izatea, Interneterako, sareetarako eta jokoetarako sarbidearekin, eta horrek dakartzan ondorio guztiekin, noski», azaldu du Arrugaetak.
Horrek belaunaldi berriek izan ditzaketen arriskuak areagotzen ditu; izan ere, «arriskurik handiena online sortu daitezkeen kontaktuetan dago, bideo-jokoen bortizkerian baino gehiago», ziurtatu du. Egileak, gainera, ikasleek izan ditzaketen arriskuak ikertu ditu, horien artean, groominga. Horietatik babesteko, «gurasoak oso kontziente izan beharko dira», ohartarazi du.
Arrugaetak Eneko Tejadaren, bere GRALaren zuzendaria izan denaren, laguntza jaso du; izan ere, azken horrek kontaktuan jarri zuen Webleaner Hezkuntzako Teknologiaren ikertaldearekin, bertako kidea baita. Gainera, Bilboko Hezkuntza Fakultateko MakerLab Laborategiarekin ere jarri zuen harremanetan. WebLeaner diziplina askotariko taldea da eta teknologia hezkuntzan nola aplikatu aztertzen du. Horrez gain, bertako irakasleak Teknologia, Ikaskuntza eta Hezkuntza Masterraren parte dira. Aipatutako GRALa osatzeko, Masterreko kideek bibliografiaren bilaketan lagundu diote, ikerketak oinarri teorikoa izan dezan. Beste alde batetik, MakerLab ezinbestekoa izan da webgunea garatzeko. MakerLab Bilboko Hezkuntza Fakultateko laborategi bat da eta hainbat arlotako irakasleek STEAM (Sience, Technology, Ingeniering, Arts and Mathematics) teknologiarekin lan egiten dute bertan.
«GRALa hemen amaitzen da, baina proiektua ez», esan du ikasleak. «Jokoak eguneratu egingo dira, zaletasunak aldatu egiten direlako. Gure asmoa da esperientzian parte hartu nahi duten eskolak sartzen jarraitzea. Gainera, udazkenean webgunea ingelesera eta gaztelaniara itzultzeko asmoa dugu». MakerLabek bere burua eskaini dio ikasle ohiari ekimenarekin lanean jarraitzeko; beraz, datozen hilabeteotan ikusi ahal izango da proiektua nola hazten den, Unai Arrugarreta irakasle izateko lehenengo oposizioak ikasten hasten den bitartean, berak aurreikusitako moduan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.