

Secciones
Servicios
Destacamos
DV
Donostia
Sábado, 25 de enero 2020, 10:59
Gotzon Aurrekoetxeak ez du zalantzarik: «100 urte barru ere euskalkiak izango dira». 'Euskalkien sailkapen berria' argitaratu berri du UPV/EHUko EUDIA Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeak. Gotzon Aurrekoetxea beraz gain, Iñaki Gaminde, Jose Luis Ormaetxea 'Txipi' eta Xarles Videgain dira egile nagusiak. Errotik aldatu nahi dute euskalkiak eta hizkerak sailkatzeko metodologia.
Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituen; Azkuek, zazpi; eta Koldo Zuazo hizkuntzalariak, bost. 'Euskalkien sailkapen berria' lanak hiru aldarrikatzen ditu: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Hizkuntzalariez gain, «euskalkiak maite eta tokian tokiko hizkeren zale den irakurle ororentzat» egina da liburua.
Liburu hau ez dela euskalkien beste sailkapen bat gehiago adierazi dute egileek, «hizkerak sailkatzeko metodo berriekin egiten den lehen sailkapena baizik». Horrek esan nahi du ez dela ezaugarrien aukeraketarik egin. Hau da, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak-EHHA egitasmoak argitaratu dituen liburukietan biltzen den informazioa erabili dute. Lexikoaz eta gramatikaz informazioa biltzen du euskararen eremuko 145 herritan. Eta hizkuntzaren alor guztiak jorratzen ditu. Laburbilduz, «guk ez ditugu hizkuntza ezaugarriak aukeratu, erabilgarri direnak baliatu ditugu».
Orain arteko sailkapenak (Louis Lucien Bonaparterena eta Koldo Zuazorena kasu) hizkuntza-ezaugarrien aukeraketan oinarritu izan dira, ikertzailearen irizpide subjektiboek eragina izan dutelarik: Bonapartek, adibidez, muga batzuk zehazteko 'zeren… bait' edo 'zeren eta' kausazko adiera duten formak aztertu zituen herri desberdinetan, edo 'a' letraz bukatutako hitzak -a artikulua eranstean sortzen diren aldaketa fonetikoak (alabea, alabia, alabie…). Sistema horrek ez du datuen ordezkagarritasuna kontuan hartzen, ikerketa berriaren egileek adierazi dute.
Euskalkien sailkapena desberdina izan da, beraz, oraingoan. Edozein zientziatan (medikuntza, kimika…) gauzak edo objektuak sailkatu behar direnean erabiltzen diren prozedurak erabili dituzte horretarako. Honek «berme handiagoa ematen du, zientzietan, oro har, erabiltzen diren prozedurak direlako. Teknika honek aztergai diren hizkerak hierarkia baten barnean kokatzen ditu hizkuntza-ezaugarrietan antzekoenak direnetatik urrunen direnetarainoko hierarkian».
Zortzi euskalkitik hiru euskalkira pasatu arren, ordea, ez dute uste euskalkiak galtzen ari direla ondorioztatu daitekeenik. Uste dute kontua beste bat dela: euskalki izaera zeri ematen zaion, hain zuzen. Cluster edo multzokatze hierarkikoaren analisian lortzen den irudia oso argia den arren, irudi hori ikertzaileak interpretatu behar du. «Teknika honek erraztu egiten du ikertzailearen lana, hizkeren arteko eta hizkera-multzoen arteko desberdintasunak agerian uzten dituelako».
Metodologia dela-eta, beraz, emaitza aldatzen da. Datuen hautuetan oinarritzen den metodologiak jaiotzezko gabezia edo ahulezia du, «ezen datu txarrak edo ordezkagarriak ez badira nekez islatuko dute errealitatea eta ondorioz horiekin egiten diren azterketek jatorrizko ahulezia izango dute eta emaitzak ezin izango dira egokiak izan». Datu-kopuru handiak eta datuak bildu direnen herrien kopuru handiak lagundu egiten dute objektibotasunean. Bestalde, analisia egiteko teknikak behar dira, hizkerak hierarkikoki sailkatzeko.
Euskalkien sorreraren inguruko espekulazioa ekidin dute autoreek. «Gai honetan hipotesiak badiren arren, daturik ez den bitartean alferrikakoak dira, elukubrazioak ez baitu balio zientifikorik. Historiagile zenbaitek antzinako euskal tribuak eta euskalkiak lotu dituzte. Egun Nafarroak hartzen duen eremuan baskoien tribua edo herria zegoela diote, gipuzkeraren eremuan, goitibehiti, barduliarrak zeudela, mendebalderago, karistiarrak. Baina esan legez, funtsezko zerbait esateko datuak behar dira eta egun ez ditugu. Gauza bat da ustea eta beste bat frogatzea», nabarmendu du Aurrekoetxeak.
Liburuan diotenez,«ezaguna da estandarra eta euskalkiak nahasiz doazela, geroago eta berdinduago bihurtzen ari direla, euskalkietako hiztunek euskara batuko ezaugarriak txertatzen dituztela eguneroko jardunean eta, aldi berean, hizkeren arteko desberdintasunak txikitu egin direla». Hala ere, ziur da «100 urte barru ere euskalkiak izango direla. Kontua da ez direla oraingo euskalkiak modukoak izango. Duela 200, 300, 400 urte forma estandarra lortu zuten hizkuntzetan (ingelesa, gaztelera, frantsesa…) dialektoez hitz egiten da gaur egun ere eta ikertu egiten dira. Horrez gain, kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira eta bariazio geolinguistikoa gutxituko«.
Hizkuntzak aldatzen jarraituko du, beraz, eta hizkuntza bariazioak ikergai izaten jarraituko du, nahiz bariazio hori desberdina izango den, hala beharrez. Eremu txikietan egin diren ikerketa batzuetan agertu dira soziolektoak.
«Hasteko, euskaldunberri eta euskaldunzaharren artean deberdintasun nabariak daude, nahiz herri berean bizi; hau esateko ez da ikerketarik egin behar, begi-bistakoa da eta. Baina gauza konkretuagoetan ere garbi agertzen da, adibidez, heldu eta gazteen artean zenbait hotsen ahoskeran edo zenbait egituretan aldaketak daudela. Busturialdean egindako ikerketa batek, adibide bat ipintzearren, garbi azaltzen du erakuslea lekuz aldatuz doala: zaharrek 'ori arrañe' esaten duten bitartean gazteek 'arrañ ori' esaten dute, adibidez».
Euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanari dagokionez, uste du ez dela batere gatazkatsua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.