Borrar
Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako Diputatu Nagusia
Eider Mendoza Larrañaga: «Pertsona guztien ongizatea helburu»
Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Larrañaga: «Pertsona guztien ongizatea helburu»

Martes, 27 de febrero 2024, 11:28

Gizarte baten garapen maila aztertzeko garaian, aberastasuna sortzeko gaitasuna balioesteaz gain, ezinbestekoa da honako faktore hauek ere kontuan hartzea: aberastasun hori banatzeko ekitate maila, eskainitako zerbitzu publikoen kalitatea eta herritarren bizi gogobetetze maila, besteak beste. Pertsona guztien ongizatean eta zoriontasunean arreta jartzea, azken finean. Gogoeta horretatik abiatuz, Giza Garapenaren Indizeak (Eustat, 2021) planetako herrialde garatuenen artean kokatzen du euskal gizartea eta, beraz, baita Gipuzkoa ere. Kanadaren parean gaude alor honetan eta, beraz, soilik Suitza, Norvegia edota Zeelanda Berria bezalako herrialdeen atzetik, besteak beste, ongizatearen eta bizi kalitatearen rankingean.

Zifra horiek, bizi izandako krisi latzak gorabehera, guztion artean Gipuzkoan eta Euskadin lortu dugun ongizate maila nabarmenaren isla dira. Gure ekonomiaren dinamismoari eta gure gizartearen bultzada solidarioari esker lortutako emaitza, batetik. Autogobernuaren eta euskal erakundeen lanaren emaitza ere bai, bestetik; ekonomia berritzaile eta lehiakorraren alde eta Europan erreferentzia diren gizarte politiken alde egindako apustu irmoaren ondorioa.

Egun bizi dugun testuinguru historikoak, ordea, urrats berriak ematea eskatzen digu. Izan ere, datu positiboak hor egonda ere, 2020tik aurrera areagotzen ari dira hainbat gizarte erronka emergente, nahi gabeko bakardadea, buru osasuna, adikzioak, belaunaldi erreleboa bermatzeko zailtasunak eta talentu falta, bazterkeria egoeren kronifikazioa, kasu. Errealitate horiek guztiek pertsona askoren bizitza egoeran eragiten dute.

Horregatik, hain zuzen ere, pertsona guztien ongizate integrala babestea eta indartzea da Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoaren lehentasun nagusia.

Ongizate integrala kalitatezko lana edukitzea da, etxebizitza duina, pertsona orori zaintza eta babes sozial pertsonalizatua eskaintzea. Ongizate integrala da lana eta bizitza pertsonala uztartzea, berdintasunean bizitzeko eta lan egiteko aukerak garatzea, zahartze aktibo eta osasungarriaz gozatzea, ingurune berde eta iraunkorra edukitzea, elikadura osasuntsua... eta ongizate emozionala eta mentala, ere bai. Foru Aldundian ireki dugun aro berri honetan, Europan ongizate integraleko indize altuenetarikoa duen lurraldeetako bat bilakatzeko aukera dugu eta horixe izan behar dugu helburu.

Horrek guztiak eskatzen du aurrera egiten jarraitzea ekonomia berritzaile eta lehiakor gisa, aukerak sortuz, etapa guztietan enpresa proiektuak babestuz eta bideratuz, desberdintasun sozialen aurka borrokatuz; Gipuzkoaren izaera komunitario eta demokratikoa garatzen segitzea; eta gero eta jasangarriagoa, berdeagoa eta orekatuagoa den lurralde gisa urratsak ematen jarraitzea. Baita ere, ezinbestekoa dugu aurrera egitea aniztasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta hizkuntza berdintasuna eguneroko bizitzan gero eta gehiago sustraitutako balioak dituen gizarte moduan.

Ez gara zerotik hasten. Azken urteotan, Etorkizuna Erakiz programaren esparruan, dozenaka proiektu pilotu martxan jarri ditugu, erakundeen eta erakunde sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza oinarri hartuta. Orain, ekimen arrakastatsu horiek guztiak lurralde osora zabaltzeko unea da, gure garaiko eraldaketa handiei erantzun ahal izateko. Orain, herritar guztien eta erakunde publikoen arteko lankidetzan sakontzeko momentua da.

«Pertsona guztien ongizate integrala babestea eta indartzea da Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoaren lehentasun nagusia»

Eider Mendoza Larrañaga

Gipuzkoako Diputatu Nagusia

Erantzukizun publikoak, era berean, Gipuzkoaren ezaugarri den komunitate zentzua indartzera eraman behar gaitu. Komunitate zentzu honek babestuko gaituelako indibidualismoaren, xenofobiaren eta populismoaren aurrean eta, horrela, gure lurraldeko elkarteak, enpresak, eta erakundeak... Gipuzkoako gizartea bera indartuko ditugulako.

Gizarte batek ezin du erabateko ongizaterantz aurrera egin komunitatean ez bada, pertsonen artean afektuzko, konfiantzazko eta lankidetzazko loturak ezarriz, egiten ditugun gauzei, elkarrekin abian jartzea erabakitzen dugun proiektuei zentzua emanez. Gipuzkoa komunitate arduratsu, berdinzale, orekatu eta bidezkoa izan dadin, pertsona guztien ongizate osoa zaintzen duen ekonomia lehiakor, berritzaile eta jasangarri batekin, guztion artean osotasuna eta zentzua duten etorkizuneko proiektuak garatzeko aukerak sor ditzagun.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eider Mendoza Larrañaga: «Pertsona guztien ongizatea helburu»