Borrar
Erakusketa estreinatzeko, antolatzaileak bertan bildu ziren. Zabala
Arkeologia Ataunen: iragana oraina argitzen
Ataun

Arkeologia Ataunen: iragana oraina argitzen

Barandiaran Museoan ikusgai izango da eskualdeko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenen bilduma. Jarduera-programa zabal eta askotarikoa prestatu dute erakusketak herritarrengana gerturatzeko

Martes, 15 de abril 2025, 17:35

Arkeologia Ataunen erakusketa Barandiaran Museoko protagonista nagusia bilakatu da azken egunetan. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak elkarlanean antolatu dute, eta helburu argi bat du: Ataungo ondare arkeologikoa balioan jartzea eta herritarrengan jakin-mina piztea iraganeko bizitzek oraingo bizimoduan izan dezaketen eraginaz. Ez da soilik erakusketa bat, baizik eta iraganarekin konektatzeko aukera bat, eta memoria kolektiboa partekatzeko espazio bat.

Erakusketa Ataunen bertan aurkitutako piezekin osatua dago, eta horrek emozio berezia ematen dio. Martin Aramendi Ataungo alkatearen hitzetan, «denbora asko generaman erakusketa hau prestatzeko lanetan, eta horri esker itzuli dira herrira egun batean gure herriko aztarnategietan aurkitu zituzten pieza preziatuak». Hitz hauek ondo adierazten dute ekimenaren zentzu sinbolikoa: herriak bere historia berreskuratzen du eta, horrekin batera, herritarren harremana sendotzen da tokiko ondarearekin.

Bertan ikusgai dauden ia 50 piezen artean badaude oso esanguratsuak diren batzuk: Usategiko izturitze motako azagaia, Pikanditako arpoia, Allekoaitzeko lehoinabar buru-hezurra, Jentilbaratzako eraztun ezaguna eta Usategiko denario erromatarrak. Pieza bakoitza bere testuinguruan aurkezten da interpretazio-panelei esker, ikusleek ezagut dezaten aurkikuntza horrek Ataun bezalako herri baten historian suposatzen duena.

Mota guztietako pieza, aztarna eta aurkikuntzez gozatzeko aukera eskaintzen da. Zabala

Jose Antonio Mujika UPV-EHU-ko irakasle eta arkeologoak nabarmendu zuen moduan, «oso garrantzitsua da horrelako gaiekin leku guztietara iristea, herri handi zein txikietara. Urte luzeetako lana da Barandiaran museoan aurkezten den hau. Mende osoan zehar talde ezberdin eta hainbat adituk burututako proiektua da, bakarra da. Informazio bereziaz gozatzeko aukera eskaintzen du, leku gutxitan aurki daitezkeen piezak eta aurkikuntzat eskainiz».

'Historia bizia' gozatuz

Ataunen historia ez da hitzetan bakarrik bizi: lur azpian gordetako aztarnetan ere ageri da. Hori izan da erakusketaren muina: oraina eta iragana uztartzea. Joxemiel Barandiaranek Jentilbaratzan egin zituen lehen indusketa arkeologikoetatik mende bat baino gehiago igaro da, baina herriak oraindik mantentzen du arkeologiaren munduan duen protagonismoa. Behe Paleolitotik Erdi Arora arteko aztarnak aurkitu dira, eta, horiei esker, Aralarko inguruetan bizi izan ziren giza komunitateak hobeto ezagutu ahal izan dira.

Mari Jose Telleria Kultura zuzendari nagusiak aipatu zuenez, « 'Arkeologia Ataunen' erakusketa aukera paregabea aurkikuntza arkeologiko esanguratsuenen bidez, eskualdearen iragana ezagutzeko». Bere esanetan, erakusketak «Ataungo ondare arkeologikoari merezi duen tokia ematen dio, eta, aldi berean, Foru Aldundiak gure historia zaintzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa islatzen du».

Jarduera-programa zabala

Erakusketa berez informatiboa eta bisuala bada ere, antolatzaileek uste dute historia hobeto barneratzen da bizipenen bidez. Horregatik jarduera-programa zabal bat prestatu dute, apiriletik ekainera arte luzatuko dena, publiko mota desberdinei zuzendua.

Lehen jarduera apirilaren 12an izan zen, Joxean Mujika EHUko arkeologoak bisita gidatuak eskaini zituen Barandiaran Museoan, gaztelaniaz eta euskaraz. Maiatzaren 14an berriz, Ander Arresek Ataungo Erdi Aroko aztarnategiei buruzko hitzaldia emango du, eta maiatzaren 30ean, Paco Etxeberria antropologo forentseak hitzaldi bat eskainiko Juan Jose Astigarraga eta Koldo Sansinenearekin batera, Ataungo ondarearen ikerketan izan dituzten esperientziak partekatuz.

Ekainaren 5ean, Mertxe Urteagak 'Zer zor diegu erromatarrei?' izeneko hitzaldia eskainiko du, eta haren ostean Erromatarren arrastoak oinen azpian dokumentala proiektatuko da. Ekainaren 8an, mendi-ibilaldi bat egingo da Ataungo ondarearen aztarnak bertatik bertara ezagutzeko, eta ekainaren 12an, Trinidad Torres eta Aritza Villaluenga ikertzaileek faunaren bilakaerari buruzko azken hitzaldia emango dute, Troskaetako hartzak abiapuntu hartuta.

Jarduera horiek guztiak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da telefonoz (943 18 03 35 edo 688 895 069) edo posta elektronikoz (barandiaran@gipuzkoanatura.eus).

Antolatzaileek bisitariak gonbidatu dituzte erakusketa eta jardueretaz gozatzera.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arkeologia Ataunen: iragana oraina argitzen