Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Gaztainekin egindako bi pieza. NÚÑEZ
«Egonaldi honek eragina edukiko du nire lanean, ziur»
Alkiza

«Egonaldi honek eragina edukiko du nire lanean, ziur»

AGURTZANE NÚÑEZ

Domingo, 23 de octubre 2022, 00:07

Bitxiak bizitza guztirako aukeratzen diren gauza horietakoak dira. Belaunaldiz belaunaldi pasatzen direnak ere badira, familiako altxorrak bailiran. Laia Varela bitxigileak kontrako bidea landu du Sormenaren Kabiko egonaldietan, bitxigintza iragankorra, hain zuzen ere.

Donostiarra jaiotzez, naturatik nahiko urrun bizi zela aitortzen du. «Aita arkitektoa da eta beti eraikinek atentzioa deitu izan didate. Parisen sei urte eman nituen eta bertan ere eraikinak dira nagusi. Gainera, dauden parkeak gizakiak sortutakoak dira, itxiak, ez dute basoarekin zerikusirik», azpimarratzen du Varelak.

Duela hamar urte murgildu zen Laia Varela bitxigintzan, irakaskuntza ikasketak egin ondoren. «Une batean beka bat ez zidaten eman eta bitxigintza tekniko ikastaro bat egin nuen. Urte eta erdiko ikasketak ziren, eta gero sei hilabeteko praktikak. Niri Parisen egitea egokitu zitzaidan denda-tailer txiki batean, baina ikasketak bukatu aurretik sortua nuen nire bitxigintza marka», gogoratzen du. «Ideia handirik gabe hasi nintzen, gauzak probatuz, baina duela lauzpabost urtetik hona bakarrik bizi naiz», dio.

Bere bitxiak betidanik «forma geometrikoetan oinarritu izan dira. Oso geometrikoak dira, arkitekturako ikuspuntuak eraginda», azaltzen du. Baina Alkizan egon den hiru astetan, naturak izan duen eragina nabaritu du, «ziur nago egonaldien eragina nabarituko dela aurrerantzean. Naturan ere forma geometrikoak, simetrikoak dira, baina borobilduagoak», gehitzen du.

Egonaldietan argi zeukan bitxigintza iragankorra edo efimeroa landuko zuela, «baina ez neukan ideiarik zertan oinarrituko nintzen». Azken urteetan lanean murgilduta bizi ondoren, «sormen alderdi hori lantzeko jolastu beharra neukala sentitzen nuen. Horregatik Ur marako egonaldietan parte hartu nuen, eta ondoren Sormenaren Kabira aurkeztu nintzen», dio.

Lehenengo astean, bekadun gehienen moduan, ingurua ezagutzeko erabili zuen, eta hor jaso zuen behar zuen laguntza. «Mendi ibilaldietako batean gaztainak biltzera atera ginen, eta hor bururatu zitzaidan gaztainak dituen fase ezberdinak interesgarriak izango liratekeela proiekturako», azaltzen du Varelak, «ez nuen pieza politak bakarrik egin nahi, hori ez da bitxigintza garaikidea. Atzean hausnarketa bat egotea nahi nuen». Horrela, «pertsona batek bizi ditzakeen momentu desberdinekin lotu nahi dut. Bizitzako gertakizun baten ondoren, norbait galtzen dugulako edo triste gaudelako, gorde egiten gara, eta inguruan ditugunei arantzak bakarrik erakusten dizkiegu. Gero pixkanaka irekitzen joaten gara, eta azkenean berriro irekitzen gara, fruitua erakutsiko bagenu bezala».Aste honetan bukatuko du bere egonaldia, eta zailena «egin dudanak abenduan egingo den aurkezpenera arte jasango dituen aldaketak onartzea izango da», aitortzen du. «Elementu naturalak dira eta datozen hilabeteetan aldatu egingo dira. Orain egin dudanak daukan itxurak ziurrenik abenduan beste bat izango da», gehitzen du, «kosta egingo zait ezer ez aldatzen saiatzea».

Alkizako Sormenaren Kabiko egonaldietan bitxigintza lantzen den lehenengo aldia da, eta oso eskertuta dago Elena Cajaraville Ur marako arduradunak eskainitako laguntzagatik. «Bera ere bitxigilea da, eta gauza asko kontsultatu dizkiot. Jolasteko eta ondo pasatzeko gomendatu zidan, inbestigatzeko, ez pensatzeko piezak politak izango diren edo ez», dio.

Bere sorkuntzak zilarrarekin eta urrearekin egiten ditu normalean, eta naturako elementuak erabiltzea guztiz berria izan da berarentzat. «Proiektuaren helburua ere hori zen, alkizarrei eta jendeari erakustea naturako elementuekin egin daitekeena. Nik orain formak eta bitxiak ikusten ditut edonon», dio.

Aurrerantzean egingo dituen bitxi-bildumatan landareak erabiltzea zaila ikusten du, hala ere, «jendeak bitxi bat erosterakoan iraungo duen zerbait nahi duelako. Erabiliko ditudan harriak aldatzea posible ikusten dut, baina hostoak edo landareak erabiltzeko argizari edo resinaren baten bila nabil, iraupena luzatzeko», azaltzen du.

Egonaldien fruitua izango den bitxi efimeroen bilduma ia prest dauka. «Bitxigintzako hiru elementu nagusietatik bana egiten saiatu naiz: lepoko bat, eskumuturreko bat, belarritako batzuk eta eraztun bat», denak gaztainondoen morkotsarekin, hostoekin zein fruituekin eginak. Basoan aurkitu dituen beste landare batzuekin egindako lanekin osatuko du erakusketa. «Ideia interesgarriak ikusten nituen, eta Elenak esan zidan basoan ere gaztainak beste landareez eta elementuez inguratuta daudela, eta pertsonok ere ez gaudela bakarrik, lagunak eta familia dugu inguruan. Hori ere irudikatuko dut erakusketan».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Egonaldi honek eragina edukiko du nire lanean, ziur»