Borrar
Euskal artzain txakurrek artaldea hesi barrura nola gidatzen duten erakutsi zuten.
Egun batez artzain bilakatuz Berastegin
Berastegi

Egun batez artzain bilakatuz Berastegin

Jendetza elkartu zen atzo herrian zehar ibilbide tematikoa egiteko, artzain kultura balioan jartzen duen asteburuaren bukaeran

Lunes, 31 de marzo 2025, 02:00

Artzainen bizimodua nolakoa zen ezagutu ahal izan zuten atzo Berastegira gerturatu ziren bisitariek. Hirugarren urtea izanik, eta goizean goizetik eguraldia lagun, argi geratu zen festa eguna sendotzen ari dela. Goizean goizetik ehunka familia gerturatu ziren artzain kultura gertutik ezagutzera eta gozatzera. Herriko ikur bihurtutako lanbide gogorrarekin ondo pasatzeko tartea izan zen. Ardien mundua dagoeneko urrun geratu den eskualdeko herrietatik gerturatu ziren gehienbat bisitariak, duela hamarkada gutxi batzuk ohikoa zen paisaia gogoratuz.

Artzain kultura ezagutzera emateko, herriko belazeen inguruan zirkuitua prestatu zuten aurten ere. Ardiak izan dira hamarkadetan zehar egungo Berastegiko paisaia moldatzen lagundu dutenak, eta asteburu kultural honek artaldeenganako eta artzaienganako esker oneko jardunaldia izan nahi du.

Plazatik atera eta hamar guneetan artzaintzarekin lotutako aspektu ezberdinak ezagutu ahal izan zituzten Be! ibilbidean: bertako ardi motak, belar eta garo metak nola egiten diren, artilea landu, baita lan guzti horren emaitza ere; hau da, jantziak eta jakiak.

Ardi eta astoekin, haurrentzako jolasgune erraldoi izan zen ibilbidea, ardi kulturaren inguruko aire libreko museo bihurtuta. Gainera, ikasitakoa galde-erantzunen bidez adierazteko eskuorria betetzeko aukera izan zuten txikienek, jolas egiteari utzi gabe.

Belardietan Euskal Herriko ardi latxaren azpi-arrazen erakusketa egon zen, bost mota ezberdinekin: Aralarkoa, hegoaldeko mutur-beltza, mutur-beltz adarduna, mutur gorria eta sasi ardiak. Bakoitza ezberdintzen nahiko lan izan zuten haurrek zein helduek, bakoitzaren ezaugarriei adi-adi begiratuz.

Jetzi eta 'prest utzi'

Elizako arkupean lanbide honen zereginen erakustaldiak egon ziren. Gaztetxoek ardiak jezten ikasi zuten herriko artzain gazteen eskutik, ardiei ilea moztu aurretik. Normalean egunean bi aldiz jezten badira ere, atzo «nazkatu» ere egingo ziren, bisitari kupidatsu batek zioen bezala, goiz osoan haurrak saiakera egiten zuten bitartean agoantatuz.

Alde batean ardiak jetzi egiten bazituzten, bestaldean udarako prest uzten zieten. Euskal Moztaile elkarteko kideek ardiei ilea nola mozten den erakutsi zuten eta bertaratuak lanean ere saiatu ahal izan ziren. Ondoan, artilea hari bihurtu arte egiten den prozesuan laguntzeko aukera egon zen: orraztu, kardatu eta lantzeko prest utzi. Artisauek artilearekin egin daitezkeeen lanak erakutsi zituzten. Kris Meraki artisauak feltroa nola egiten den irakatsi zuen.

Larunbatean artaldea Gorosmendira igo bazuten, atzo Astotrekeko astoen gainean ibili ziren gustura haurrak. Lehenengo, hala ere, pazientziaz itxaron behar izan zuten ilada. Bidean euskal artzain txakurrak artaldea gidatzen ikusi zitekeen artzai beteranoen aginduak jarraituz.

Artzaintzaren artea

Udaletxean, artzain munduarekin erlazionatutako erakusketak egon ziren. Beheko solairuan Andres Etxeberriak Garai atean gazta egiteko erabiltzen zen materiala izan zuen ikusgai, eta ganbaran Kris Meraki artistaren lanen erakusketa egon zen.

Herritarrak auzolanean lagundu zuten jardunaldia aurrera ateratzen. Ibilaldi tematikoa prestatzeaz gain, postuak ere atenditu zituzten goiz guztian.

Amaitzeko, ohi bezala, frontoian azoka gastronomikoak borobildu zuen ekitaldia, ardiarekin eta arkumearekkin egindako platerekin. Eskola-atarian arkumea burruntziaren usainak urrutitik erakartzen zituen bisitariak. Pilotaleku barruan berriz, arkumea parrillan, ardi-gisatua, mondejua, kroketak, baita postrerako arroz-esnea edota gazta tarta ere. Ilada luzea egon zen eguerditik aurrera guztia dastatzeko txartelak hartzeko.

Teoria eta praktika

Ostiralean artzantzaren inguruko hausnarketarekin eman zioten hasiera jardunaldiei. Garai bateko lanbidea gaur egungo erronketara nola egokitu aztertu zuten, eta etorkizunera begirada bat ere bota zuten. Larunbatean artzain eta ardien munduaren alde praktikoa landu zuten: Gorosmendira ibilaldia, feltrozko ontziak egiteko lantegia eta gazta dastaketarekin, besteak beste; eta atzoko ibilbidearekin borobildu zuten bi egunetan landutakoa. Arratsaldean, erromeriak itxi zuen Be! asteburua.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Egun batez artzain bilakatuz Berastegin