Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Jaione Olano eta Josu Ozaita ekonomatoan. NÚÑEZ
Ekonomatoa, Baliarraingo bihotza bihurtu den denda txikia
Baliarrain

Ekonomatoa, Baliarraingo bihotza bihurtu den denda txikia

«Teoria asko dago bertako produktuen alde egiteari buruz, baina zerbait praktikoa egin nahi izan genuen»

AGURTZANE NÚÑEZ

Baliarrain.

Domingo, 24 de abril 2022, 00:07

Duela bi urte, pandemiak herriko beharrei erantzuteko konponbide berriak bilatzera behartu zituen herri asko. Etxetik atera ahal gabe, eta dendara erostera joateko aukera murriztuekin, bertako produktuak erosteko modua bilatu zuten Baliarrainen: ekonomatoa. «Produktu gutxirekin hasi ginen, pentsatuz agian hiru hilabete bakarrik iraungo zuela, baina urte betetik gora igaro da», diote Jaione Olanok eta Josu Ozaitak, Baliarraingo udaleko zinegotziak eta ekonomatoaren talde sustatzaileko kideak.

Helburu nagusia itxialdian oinarrizko produktuak herritarrei gerturatzea bazen ere, gertuko edo zero kilometroko ekoizleengana jo zuten. «Orendaingo Larreta esnekien ekoizleak lagunak genituen, eta itxialdiarekin salmenta puntu asko gabe geratu ziren. Horregatik, esan genien etortzeko hona saltzera, eta ostiralero egiten zuten etxez etxe jogurten banaketa. Gero arrautzak, ogia... etorri ziren», gogoratzen du Ozaitak.

Hala egin zuten, eta arrakasta handia izan zuen ekimenak. «Ekoizleek eta dendatakoek deitzen ziguten eta esaten ziguten adibidez, 'sagardoa igoko nuke', eta pixkanaka produktu dezente ekartzen hasi ginen. Herriarentzako produktuak izateaz gain, ekoizle txikientzako garrantzitsua izan zen. Ilusio handia egiten zien jendeak beraien produktuak eskatzen zituela jakitea», azpimarratzen dute.

Pixkanaka, herrian denda txiki bat sortzearen ideia forma hartzen joan zen, ekonomatoa sortu arte. «Teoria asko dago bertako produktuen alde egiteari buruz, baina zerbait praktikoa egin nahi izan genuen», azaltzen dute. «Proba bat izan zen, esperantza handirik gabe. Pentsatzen genuen 'agian hiru hilabete iraungo du eta desagertu egingo da', baina uste baino hobeto funtzionatu du», adierazten dute Ozaitak eta Olanok.

Ekonomatoaren oinarria herritarrek horretarako sortutako elkartea da. Elkarte gastronomikoen antzera, bazkideak ditu eta bakoitza nahi duenean joan daiteke lokalera, behar duena hartu, ordaindu eta etxera eramanez. «Gainera, astean behin irekitzen dugu denda, ostegun arratsaldetan, Larretakoa esnekiak ekartzera etortzen dela aprobetxatuz, eta orduan nahi duena ere etorri daiteke erostera», azaltzen dute. «Jogurten bila datozela aprobetxatu eta produktu gehiago hartzen ditu jendeak».

«Bazkide izateko eskakizun bakarra noizean behin arratsalde horretan dendan laguntzea da, produktuak bere tokian jartzen, eskaerak hartzen, eta abar. Asko garenez, urtean hiru egunetan edo bakarrik tokatzen zaigu bakoitzari, ez da asko horrelako zerbitzu bat eduki ahal izateko», diote. Hogeita lau bazkidek osatzen dute elkartea egun, «herriko etxeen ia erdia gaude. Ez gara asko, baina proportzioan asko da».

Ekoizle txikiak eta gertukoak

Konfiantza nagusi da zerbitzuan, izan ere, norbera arduratu behar da lokala itxita dagoenean hartzen duena ordaintzeaz eta zerrendan apuntatzeaz. «Horrela egin genuen hasieratik, eta momentuz ez da faltarik egon. Erositako guztia ordaindu da», diote, elkarteetan egoten diren falta kopuru altuez jakitun.

Hasieratik izan zuten argi bertako produktuen aldeko apostua egingo zutela eta ekonomatoko ikur bihurtu dute. Baliarraingo babarrunak eta intxaurrak, Orendaingo Larreta esnekiak, Amezketako Argaia Goena baserriko txerrikiak, Ikaztegietako Balerdipeko eztia, Legorretako Basabe garagardoa, Orendaingo Zelai gaztak, Adunako Lixone xaboiak, Osabiren kosmetika naturala... baita Nafarroatik ekarritako kontserbak, olioa edota txokolatea ere.

«Fruta-saltzailea astean behin, ostiraletan, etortzen da kamioiarekin. Horregatik momentus ez daukagu produktu freskorik, beste lanketa bat ere behar duelako». Bestela, denetarik aurkitu daiteke: arrautzak, zainzuriak, olioa, haragia, esnekiak, irina, kafea, txakolina, ardoa, atuna, piparrak edota gulak. «Produktu horiek gure inguruko paisaia ere egiten dute, ikusten ditugun zelaiak horren ondorio dira, eta bertako produktu horiek kontsumitzea paisaia hori mantentzea egiten du».

Egun, produktu eskaintza zabala daukate, eta erabiltzaileen eskaerari erantzunez, pixkanaka produktu berriak ekartzera irekita daude. «Datorren maiatzean, adibidez, bazkideen bilera bat egingo dugu. Ohiko asanblea egin ordez, dauzkagun produktuak dastatuko ditugu plazan mahaietan, zer hobetu daitekeen ikusiko dugu edo zer produktu berri ekarri ditzakegun», azaltzen dute.

Datorren astean adibidez, Nafarroako zainzurien ekoizle baten eskaera jasoko dute. «Esparrago freskoak dira, eta azkenean, hogeita hamar kilo inguruko eskaria egin dugu. Hainbeste eskatuta gainera, prezio ona lortu dugu».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ekonomatoa, Baliarraingo bihotza bihurtu den denda txikia