Borrar
Txirrindulari gazteek herriko kaleetan zehar haien abiadura eta trebetasuna erakutsiko dituzte. S. T. E.
Eskolarteko lasterketak eta Bizikleta Festa Seguran, larunbat honetan

Goierri

Eskolarteko lasterketak eta Bizikleta Festa Seguran, larunbat honetan

Txirrindularitzazale gaztetxoek hitzordu bikoitza izango dute arratsaldean ospatuko diren lasterketa eta bizikleta festarekin

Jueves, 20 de marzo 2025, 21:03

Txirrindulari Elkarteak aurten programatutako bigarren lasterketa ospatuko du larunbat honetan, Eskolarteko proba ospetsua. Txirrindularitza gaztetatik sustatzeko helburua duen ekitaldi honek hainbat mailetako parte-hartzaileak bilduko ditu, herrigunean prestatutako zirkuitu berezian. Jardunaldiaren osagarri gisa, 17:30ean Bizikleta Festa egingo dute, haur eta gaztetxoentzako hainbat jarduera eskainiz.

Lasterketak arratsaldeko 16:30ean abiatuko dira, Segurako kaleetan barrena. Benjamin, alebin eta infantil mailako txirrindulariak izango dira lehian, neskak zein mutilak, irteera-lerroan elkartuta. Benjamin mailako parte-hartzaileek lehiarik gabeko hastapen proba egingo dute, esperientzia eskuratzeko eta txirrindularitzaren oinarriak barneratzeko aukera izan dezaten. Alebin eta Infantil mailetan, berriz, lehia izango da, eta bakoitzak bere lasterketa ofiziala jokatuko du.

Txirrindulariek 1,3 kilometroko luzera duen zirkuituari zenbait itzuli eman beharko dizkiote, kategoria bakoitzaren arabera. Ibilbidea Segurako herriko plazatik abiatuko da, komentu ondoko Xesteri Alde auzora igo, Zerkalde kaletik Germanenera jaitsi eta berriz ere Kale Nagusian gora igoz, plaza parean amaituko dute itzulia. Segurako bizilagunek lasterketak zuzenean jarraitzeko aukera paregabea izango dute, herriko kaleetan sortuko den giro apartaz gozatzeko.

Sariak eta trafiko etena

Sari banaketa proba amaitu bezain laster egingo dute. Kategoria bakoitzean lehen hiru sailkatuek sariak jasoko dituzte, baita herritarren artean ondoen sailkatutako txirrindulariek ere. Goierriko, Tolosaldeko eta Andoaingo txirrindulari eskoletatik gazte ugari hurbilduko dira Segurara, eta tartean bi herritar ere izango dira: Andoni Azkue eta Eire Balerdi.

Txirrindulari Elkarteak antolakuntza zorrotz bat prestatu du ekitaldia segurtasunez garatzeko. Lasterketak martxan diren bitartean, proba igaroko den kaleetako trafikoa eten egingo da, baina lasterketa bakoitza amaitzean, ibilgailuek herritik sartu eta irteteko aukera izango dute. Trafikoa bideratzeko eta bidegurutzeetan segurtasuna bermatzeko boluntario talde bat arduratuko da kontrol lanaz. Elkarteak herritarrei eskatu die ahal den neurrian larunbat arratsaldeko 16:00etatik 17:30era bitartean autoa ez erabiltzeko, ekitaldiaren garapen egokia bermatzeko.

Txirrindularitza sustatzeko eguna borobiltzeko, 17:30etik aurrera Bizikleta Festa ospatuko dute plazan. Bertan, haur eta gaztetxoek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute, esate baterako, bizikletaren gaineko teknikak hobetzeko ginkanan eta bide-segurtasunari buruzko gomendio-saioa ospatuko dira, bertaratzen diren gaztetxoek modu interaktiboan ikasteko. Jarduerak irekiak izango dira bai Txirrindulari Eskolen kideentzat, bai herriko haurrentzat, baina parte hartu nahi dutenek beren bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituzte.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eskolarteko lasterketak eta Bizikleta Festa Seguran, larunbat honetan