Laida Elizegi (eskuinean) iazko proba luzearen irabazlea. ZABALA

Idiazabal

470 korrikalariren langa gaindituta iritsiko da bihar goizean Axari Trail proba

Parte-hartzaile kopurua gorantz doan honetan, giro eta proba bereziaz gozatu ahal izango da bihar goizean herri inguruan

Viernes, 6 de septiembre 2024, 20:42

Bihar, igandea, Axari Trail mendi lasterketaren 11. edizioa jokatuko da, Mikel Garmendiaren omenez. Aurtengo edizioa parte-hartzaileen marka hautsita iritsiko da, guztira 479 korrikalarik izena eman baitute. Hasieran ezarritako 450 parte-hartzaileko muga gainditu da, eta honek probari dimentsio berria ematen dio.

Publicidad

Axari Trailek bi ibilbide eskain-tzen ditu aurten ere: luzea, 25,4 kilometrokoa, eta motza, 16 kilometrokoa. Irteera goizeko 09:30ean izango da, herriko plazan, eta korrikalariek bi distantzien artean aukeratu dute. Aurtengo berrikuntzetako bat ibilbidearen aldaketa txiki bat da, Artteitta inguruan egindako moldaketak direla eta.

Iaz, lasterketa motzean, Anartz Artola hernaniarrak marka berria ezarri zuen 1:11:42 denborarekin. Bestalde, emakumeen artean, Iraia Mendia lazkaotarrak 2022ko edizioan ezarri zuen errekorra (1:21:18). Distantzia luzean, gizonezkoetan Aritz Egeak du denborarik onena, 2014an 1:58:22 eginda. Emakumezkoetan, Maite Maiorak 2015ean ezarri zuen marka, 2:19:20ko denborarekin.

Emakumezkoen igoera

Biharko edizioko parte-hartzaileen artean, 379 gizonezko eta 100 emakumezko izango dira. Lasterketa luzean 199 korrikalari lehiatuko dira, horietatik 170 gizonezko eta 29 emakumezko. Lasterketa motzean, berriz, 226 korrikalarik parte hartuko dute (165 gizonezko eta 61 emakumezko), eta horietako 54 gazteen kategorian arituko dira.

Igandeko proban aurpegi ezagunak izango dira irteeran, hala nola Laida Elizegi (iazko garailea), Oihana Zubillaga, Ander Amonarriz eta Ander Iñarra lasterketa luzean. Lasterketa motzean, berriz, Beñat Ibañez, Iosu Urrestarazu, Endika de las Heras, Maider Unanue eta Maite Etxezarreta lehiatuko dira faboritoen artean, hala ere, beste hainbat korrikalari nabarmengarri bertain izango dira.

Publicidad

Ohiko ibilbidea mantenduko da, nahiz eta aldaketa txiki bat egin den aurten. Ibilbidearen lehenengo zatia Hirumugata gainean hasten da, eta Artteittara doaz korrikalariak. Bi lasterketen banaketa puntu honetan gertatzen da. Lasterketa luzea Etzegaratetik barrena egingo da, Artteittara itzuliz, Atxurbi gainean amaitzeko. Lasterketa motzeko parte-hartzaileek Artteittatik zuzenean Atxurbira joko dute eta handik Idiazabalgo helmugara. Aurten, Artteittako inguruak babestu behar izan dituzte, basoa berreskuratzeko proiektu baten baitan amezti bat landatu baita bertan. Hori dela eta, ibilbidea bost metro atzerago pasa beharko dute korrikalariek, baina aldaketak ez du lasterketan bestelako eraginik izango.

Lasterketa eta festa giroa

Axari Trail ez da soilik mendi lasterketa bat, festa giroan ospatzen den ekitaldia ere bada. Idiazabalen bazkalorduan paella erraldoia prestatzeko ohitura jarraituko da, eta 750-800 pertsonentzako janaria prestatuko dute. Aurrez txartelak erosi beharko dira bertaratu nahi dutenek.

Publicidad

Aurten Axari Trailek ez du Goierri Kopa itxiko. Urriaren 13an Korosti Trail proba egingo da lehen aldiz Legazpin, eta honek emango dio agurra Goierriko lasterketen egutegiari urtarrilera arte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad