Idiazabal

Etxebizitzetan energia-autodiagnostikoa egiteko kanpaina

Parte hartu nahi dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna

IKER AIZPURUA

Viernes, 28 de octubre 2022, 00:12

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikotako Departamentuak, Energia Argitu programaren markoan eta Idiazabalgo Udalarekin lankidetzan, etxeko energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko kanpaina bat antolatu du.

Publicidad

Kanpaina hiru fasetan garatuko da. Azalpen-tailer batekin hasiko da, 'Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan' izenburupean. Udaletxean egingo da, azaroaren 2an, 18:00etan. Energia-autodiagnostikoa etxean nola egin azaltzeaz gain, tailer honetan etxebizitzetan ohikoak diren arazoetarako konponbideak zehaztuko dira.

Tailerraren ostean, 'Energia Argitu Kit' maletatxoak banatuko zaizkie interesdunei Udalaren bitartez. Kit horri esker, etxeetan neurketak egin daitezke, energia-urritasunak antzeman daitezke (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetan izandako galerak, ur-emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak...), eta % 5etik % 10era bitarteko aurrezkietan eragina izan dezaketen neurri errazak hartzea proposatzen du.

Behin etxearen autodiagnostikoa eginda, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahal izango dituzte.

Kanpainan parte hartu nahi dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 605 757 687 telefonora deitu arratsaldeko 18:00ak arte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad