Borrar
Gari Garmendia (erdian, txapela buruan duela) eta Xabier Aranburu 'Guzta' (eskuinaldean) sari banaketan. ERRAZU
Gari Garmendia eta Xabier Aranburu 'Guzta' nagusi harri handietako finalean

Idiazabal

Gari Garmendia eta Xabier Aranburu 'Guzta' nagusi harri handietako finalean

Bi idiazabaldarren artean egon zen aurtengo txapela eskuratzeko lehia, eta Garmendiarentzat izan zen azkenik

Lunes, 17 de marzo 2025, 20:18

Harri-jasotzearen eta aizkoraren zaleek goi-mailako ikuskizuna gozatu zuten igandean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Urrezko Aizkora eta harri-jasotze txapelketetako final handiak jokatu baitziren. Harri handietako finalean, protagonista nagusiak idiazabaldarrak izan ziren. Gari Garmendiak eraman zuen txapela, 33 altxaldi eta guztira 4.618 kilo jasota. Oso lehiaketa gogorra izan arren, Garmendiak hasieratik erritmo ona hartu zuen eta txapelketaren ondoren pozik agertu zen: «Oso gustura nago, aurrez pentsatutakoa ezin hobe atera zitzaidan», adierazi zuen txapeldunak.

Garmendiak hiru harri altxatu behar izan zituen finalean, eta guztietan erakutsi zuen bere maila bikaina. 175 kiloko errektangularra zazpi aldiz altxatu zuen, 138 kiloko kubikoa hamaika aldiz, eta 125 kiloko bola hamabost aldiz. Erakustaldia bikaina izan zen eta aurkari nagusiek ezin izan zioten haren erritmoari eutsi.

Bigarren postua ere beste idiazabaldar batentzat izan zen, Xabier Aranburu 'Guzta'-rentzat. 'Guzta'-k 29 altxaldi egin zituen guztira, 4.181 kilo jasota, eta aurrez iragarri bezala, finala oso parekatua izan zen bi idiazabaldarren artean.

Final handia ez zen harri-jasotzearen inguruko bakarra izan, izan ere, beste bi kategoriatan ere finalak jokatu ziren. Harri txikietan, Mikel Lopetegi 'Urra' gipuzkoarra gailendu zen gizonezkoetan, eta emakumezkoen kategorian, Maddi Gesalaga zarauztarrak irabazi zuen lehia gogorra. Final guztietan ikusmin handia izan zen, eta zaleek txalo artean agurtu zituzten irabazleak.

Harri-jasotzearen ondoren, aizkoraren txanda izan zen, eta 25. Urrezko Binakako Aizkora Txapelketa ere emozioz beteriko lehia izan zen. Parte-hartzaile guztiek lan bikaina egin zuten, baina azkenean, Iker Vicente eta Eneko Saralegi lehengusu nafarrak izan ziren garaile, duela hilabete Beasaingo saioan egin moduan, haien nagusitasuna erakutsiz.

Emakumezkoen kategorian, Laiene Pikabea izan zen txapelduna, erakustaldia emanez eta aurkariak atzean utziz. Bestalde, gazteen artean, 23 urtez azpiko eta 19 urtez azpiko mailako probetan, Jon Erdoziak lortu zuen garaipena bi kategorietanz.

Bengoari omenaldia

Txapelketa urte luzez antolatu duen Egur Sport enpresako arduraduna, Luis Mari Bengoa, erretiroa hartzera doa, eta sari banaketan omenaldi berezi bat jaso zuen. Ikusle eta kirolariek txalo zaparrada bat eskaini zioten.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gari Garmendia eta Xabier Aranburu 'Guzta' nagusi harri handietako finalean