AMAIA NÚÑEZ
Domingo, 29 de enero 2023, 21:38
Jaietako lehen igande betea izan zuten atzo Idiazabalen San Blas jaietan. Goizean krosak antolatu baziren, arratsaldean Haur Danborradaren XLI. edizioa igaro zen herriko kaleetan zehar. Aurten ere, eguneko ekitaldirik jendetsu eta garrantzitsuena izan zen. Ehunka haurrek, hotzari aurre egiteko danborrak gogoz astindu zituzten. Hiru urte itxaron behar izan dute berriro danborradan parte hartu ahal izateko eta gogotsu irten ziren, bai txikienak, baita gaztetxoak ere.
Publicidad
Bost konpainiatan banatuta parte hartu zuten Aita Iparragirre Eskolako ikasleek adinaren arabera. Artzai-andreak, kosakoak eta sukaldariak, besteak beste, ez ziren falta izan aurten ere herriko kaleak kolorez betetzen. Hiru lerrotan, pausoa eta egitura txukun mantentzen saiatu ziren uneoro, danborrak jotzearekin batera. Konpainia bakoitzaren aurretik, ohi bezala, bi kantinera txikik jartzen zuten pausoa, ikusleak agurtzen zituzten bitartean. Aldi berean, amona eta aitonak pozik, bilobak aurkitu eta agurtzeko irrikatan.
Guztien aurretik joan ziren danborrada irekitzen herriko alkate eta alkatesa txikiak, korporazioko kideekin batera. Asto-gurdian egin zuten ibilbide osoa. Konpainia guztien atzean, ohitura den bezala, danborrada ixten zutela, mozorrotuta zihoazen ikasle txikienak beraientzako karrozan, kale ertzetan zeuden ikusleei goxokiak banatuz etengabe.
Hasieran euriak presentzia izango zuela bazirudien arren, ez zuen danborrada zapuzteko denborarik izan. Behin lehen doinuak megafoniatik entzuten hasi zirenean, ikasleek gogoz ekin zioten bideari Kale Nagusian zehar eta ia gelditu gabe egin zuten ibilbide osoa. Sarriegiren musikak Inauteri giroa ere zabaldu zuen herrian zehar danbor hotsekin, hauek hasteko bi aste besterik falta ez direnean. Guraso, lagun eta herritar ugarik bete zuten danborradaren ibilbidea neska-mutilak ikusteko, desfilea ikusteko txoko batetik bestera mugituta.
Kale Nagusiaren ia amaieran egin zuten herri-gunerako itzulia, Zigor kalearen barrena, ibilbidea Igarondo pilotalekuan amaitzeko. Bertan, guraso eta senideek harmailak bete zituzten kantxan eskaini zuten emanaldia jarraitzeko. Musikarik gabe ere danborra jotzeko gai zirela erakutsi zuten haur eta gaztetxoek, konpainien zuzendarien eskutik erritmoa jarraituta arazo teknikoei aurre eginez. Ohitura den bezala, emanaldia amaitzeko Idiazabalgo Martxa eskaini zuten, Nazario Telleria bere egileak zuzendua pianoarekin eta herriko txistulariek zuzenean joaz. Amaieran, haur guztiek goxokiak jaso zituzten parte hartzeagatik.
Publicidad
Danbor hotsak arratsaldean nagusi izan baziren ere, goizean Idiazabalgo krosak jendetza bildu zuen ere. Eguerdiko 12.00etan, 646 korrilari irten ziren helmugatik, eta amaieran, Aitor Mimenza Castillo izan zen lehena. Atzetik iritsi ziren Unai Ibarra eta Ángel Vázquez. Emakumeetan, Diana Vecillas Sampedrok irabazi zuen, María Navascues iritsi zen bigarren postuan eta Ruth Brito hirugarrenean.
Lehen asteburua igarota, idiazabaldarrek ostegunean, Kandelaria egunean, berriro egitarauari ekingo diote igandera bitartean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.