Borrar
Herritarrek eguneko zentroko zerbitzuak ezagutu zituzten. NÚÑEZ
Eguneko arreta zerbitzua sortu da Legorretan
Legorreta

Eguneko arreta zerbitzua sortu da Legorretan

Maiatzaren 30etik aurrera hasiko da zerbitzua eskaintzen

NÚÑEZ

legorretA.

Sábado, 21 de mayo 2022, 00:06

Menpekotasuna duten herritarrei laguntza emateko eta bakardade egoerak saihesteko eguneko arreta zerbitzua sortu du Legorretako udalak. Horretarako, herriko plazan dagoen eraikin berriko lehenengo solairua egokitu du eta maiatzaren 30etik aurrera hasiko da zerbitzua eskaintzen. «Herritarrek interesa adierazi dute eta gutxieneko izen emateak bete dira jada», adierazi zuten Zelai Amenabarro alkateak eta Itsaso Urretagoiena gizarte langileak zerbitzuaren aurkezpenean.

Bi gela, bi komun egokitu eta terraza handi bat dauka eguneko zentroak. «Gela bat balio anitza izango da, bertan egingo dira tailerrak eta ekintzak, eta jangela ere hor egongo da. Bestea egongela bezala egokitu da, eta terrazan eguraldi ona dagoenean ariketak egitera ere atera daitezke», adierazi zuen Itsaso Urretagoena gizarte langileak.

Helburua menpekotasun egoerako lehen graduan dauden «herritarrek beren autonomiari eustea da eta ohiko bizimoduarekin herrian bertan jarraitu ahal izatea, herritarren artean harremanak sendotuz», azpimarratu zuen Amenabarrok.

Zerbitzuan malgutasuna

Eguneko zerbitzua goizeko 11:30etik arratsaldeko 17:30etara egongo da martxan astelehenetik ostiralera. «13:30a arte tailerrak egingo dira, gero 15:30a arte bazkalordua izango da eta arratsaldean berriro tailerrak eskainiko dira», adierazi zuen Urretagoienak. Orain artean udalak memoria lantzeko tailerra eskaintzen zuen astean bitan, baina aurrerantzean beste hainbat tailer eskainiko dira, besteak beste, eskulanak, harremanak sendotzeko tailerra, eguneroko albisteen hausnarketa edota osasun fisikoa sustatzeko ariketak. «Komunitatean parte hartzea ere sustatu nahi dugu pixkanaka, herriko elkarteekin, eskolarekin...», esan zuen Amenabarrok.

Eskainiko den zerbitzuan malgutasun osoa eman nahi diete erabiltzaileei bertara jo nahi duten denbora aukeratzeko. «Aukeratu ezin den bakarra bazkaltzera bakarrik etortzea da. Gero udalak jasotzen dituen eskaeren arabera osatuko du zerbitzua ahal den modu egokienean», adierazi zuten.

Eguneko arreta zerbitzuan parte hartzeko interesa dutenek Legorretako udal gizarte zerbitzuetara jo dezakete, gizarte@legorreta.eus helbidera mezua bidaliz edo 943.085.290 telefonora deituz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eguneko arreta zerbitzua sortu da Legorretan