Borrar
Eskarolak, Jaione Irazustaren postuan. T. MADINABEITIA
Eskarolak ere iritsi dira, baina atzeratzen ari da aire libreko tomatea
Ordiziako azoka

Eskarolak ere iritsi dira, baina atzeratzen ari da aire libreko tomatea

Eguraldia oso atsegina izan ez arren, jende ugari zebilen feria inguruan, tartean Karlos Arguiñano

Tere Madinabeitia

Ordizia.

Miércoles, 14 de agosto 2024, 02:00

Noizean behin bisitari ezagunak izaten ditu Ordiziako feriak, eta atzo izan zen horietako egun bat. Goiz erdi aldean, lanbroa ari zela, Karlos Arguiñano sukaldari ezaguna Plaza Nagusira sartu zen, eta postuz postu ibili zen saltzaileak eta inguratzen zitzaizkion guztiak agurtzen. Monteseko Patxi Izagirre izan zen agurtu zuenetako bat, eta elkarri eskua ematen zioten bitartean, tipula landarea erosteko garaia zela eta erosteko esan zion txantxetan Ibarrakoak sukaldariari. Honek erantzun zion atzo bisitan joan zela bakarrik. Arguiñanok esan zuenez, asko gustatzen zaio Ordiziako feria, eta tarteka joaten da ere bai.

Baina sukaldari ezagun honen bisita ez zen eguneko berri bakarra izan, feriak, abuztu erdi-erdian izan arren, ohiko martxa izan zuelako, hori bai, oporrengatik hainbat salzaileren hutsuneekin.

Berritasun bat ere eskaini zuen atzo, eskarola. Aramako Jaione Irazustak zuen salgai, bakoitza 2,5 euroan. Aurten eguraldia ez duela lagun aipatu zuen aramarrak, «eskarola asko hondatu zaizkit, baita letxugak ere, euri asko egin duelako, eta hezetasun handia dagoelako». Irazustak urteko lehen ziazerbak edo espinakak ere aurkeztu zituen, hosto txikikoak; 90 gramoko poltsatan zituen salgai, eta kiloa 3,8 euroan ateratzen zen.

Eta eguraldiak asko atzeratu du aurten aire libreko tomatea. «Berandu eta gutxi izango da uda honetan, izaten bada, gainera» esan zuten saltzaileetako batzuk, «eta zomorro asko dabil, dena jaten ari dira». Hala ere, Gabiriako Jose Antonio Elosegik berak badituela gehitu zuen, eta hurrengo astean ekarriko dituela saltzeko agindu zuen.

Pipermina ere nahiko eskas dabil, beste urte batzuekin alderatuta, eta hori ere eguraldiaren erruz da. Hala ere, Mikel Lasak 50 kilo jarri zituen salgai. Piperminaren kiloa 10 eta 14 euro artean dago. Bestela, piper faltarik ez da, batez ere Gernika motakoa. Morroa, italiarra... aukera zabala da.

Mikel Lasak, bestalde, perretxikoak ere bazituen, baita Barcinak ere. Bien artean 65 kilo onddo jarri zituzten salgai, kiloa 29 eta 32 euro artean, baita 52 kilo ziza hori ere, 18 eta 22 euro artean kiloa.

Fruta saltzaileenetan, moskatel mahatsa hasi da, kiloa 4,95-5,5 euro artean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eskarolak ere iritsi dira, baina atzeratzen ari da aire libreko tomatea