
Tolosa
Txarangora, espazioa irabaziz ahizpatasunetikSecciones
Servicios
Destacamos
Tolosa
Txarangora, espazioa irabaziz ahizpatasunetikAmets amankomun batetik, lau hilabetez jorratu ondoren, eta Ines Osinaga zuzendari lanetan dutela, Ostiral Mehean, Andragoratik aterako da Tolosako inauterietako hogeita bosgarren txaranga. Hogei bat emakumek osatzen dute taldea, instrumentuak joz, kaleak alaitzeaz gainera, Jabetze Eskolako ikastaroan sortutako emakumeen txaranga plazaratzea izango da helburu. Ilusioz hartzen dute erronka 'Txarangora emakumeen txaranga' izenpean bataiaturiko kideek. Bidean lagunduz, ikasiz eta irakatsiz, elkar ezagutuz, 26 eta 70 urte bitarteko dozena bat emakume, beste emakume musikarien errefortzuarekin, «ahizpatasunetik» dagokien espazioa lortzera joango dira 18:30etik aurrera. Klarinetea, saxoa, tronpeta, bonbardinoa, bonboa, kaxa, txindatak... entzun ahal izango dira inauterietan hauetan, lehen aldiz emakumeez bakarrik osaturiko txarangan. 'Sui géneris' txaranga honetan, instrumentuak jotzen dakiten eta ez dakiten emakumeak batu dira. Esther eta Josune dira kideetako bi, eta Txarangoraren nondik norakoez mintzo dira.
Estherrek aurrez akordeoia jotzen jakin arren, erronka honetan klarinetea landu du. Josunek, aldiz, ez zuen musika-tresnarik jotzen, eta ostiralean perkusioaren alde egingo du. Biek ala biek Andragorako ikastaroan eman zuten izena, eta hasiera-hasieratik «aukera paregabea» zela iruditu zitzaien txaranga sortzea, izan dezakeen oihartzuna kontuan izanik.
Hasiera «zaila» izan zela onartzen dute. Ezezagunak ziren haien artean, batzuk instrumentu joleak eta beste batzuk, aldiz, ez, adin ezberdintasuna zegoen tarteko... Gehiengoak, ordea, amets bakarra zuen: «Txarangan jotzea gure betiko ametsa zela aitortu genuen», azaldu du Estherrek. Lehenengo saioa elkar ezagutzeko erabili zuten, eta, ordutik, lau hilabetez, Andragoran batu dira entseguak egiteko, bi astez behin. Nahiz eta hasiera batean «lekua ezin bilatu» ibili, pixkana sinergiak sortu ziren: «bide honetan politena elkarri nola lagundu eta musika erakutsi diogun izan da», aitortu du Estherrek. Josunek gehitzen du «konplizitatea» sortu dela taldean. «Inesek ere asko lagundu digu. Ez zekien nola aterako zen, baina guztion laguntzarekin aurrera atera da, eta helburua lortzeko ilusioz gaude». Ildo horretatik, urtarriletik aurrera, ikastaroaren zuzendariak ezin zuen asteetan beraien kabuz ere hasi ziren entsaiatzen, batak besteari lagunduz; ahalduntzea eta elkartasuna lortuta zegoelaren seinale. Eta jokaera hori ere ostiralean bertan ikusi ahal izango da kalez kale, musikari eta ez musikarien artean.
«Urduri eta pozik» daude ostiralean emango duten urrats historikoarekin, baina ziur agertzen dira kaleetan izan dezaketen eraginaz. «Emakumeek ere gure espazioak irabazten joan behar gara pixkanaka. Tolosan txaranga misto ugari daude, baina emakumeen presentzia oso eskasa da; % 96 gizonak dira. Orduan, Txarangora bezalako talde batek ekarpen bat gehiago egiten dio gure inauteriei», dio Josunek. Honen harira, Estherrek Udaletik egindako emakumeen agertokietan duten presentziaren diagnostikoaren emaitzak nabarmendu zituen: «Azterketa honen arabera, txarangetan, partaideen % 7 baino ez dira emakumezkoak; hamarretik bat ere ez. Datu oso esanguratsua da; beraz, badago oinarri bat eta helburu bat ikastaroaren atzean».
Andragoraren asmoa «txarangari eustea» da, programazioan errotu dadin, Udalaren babesak ahalbidetuta. Beraz, ez da «egitasmo partikular batean» geratuko biharko kalejira. Ordu betez, Euskal Herria Plaza, Lopez Mendizabal pasealekua, Trianguloa, Plaza Zaharra eta Andre Maria kaletik ibiliko dira ondoko errepertorioarekin: 'Sasikoipatsu', 'Paquita La Vergaresa', 'Galtzaundi' eta 'Diana'.
Tolosarrak animatu nahi dituzte bertaratzera eta haiekin disfrutatzera. Parte hartzeko ere aukera izango dute ikusleek; turutak banatuko dituzte. Gonbitea emakume musikari orori ere luzatzen diete. Beraz, giro ona eta gozamena ziurtatuta egongo dira ostiraleko Txarangoraren estreinaldian.
Publicidad
Josemi Benítez
Claudia Turiel e Iñigo Puerta | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.