Zain. Sei bertsolariak, saioaren hasieran final-erdietarako bidea aurkitzeko esperantzan. :: RIVAS
CULTURA

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gpuntuko bigarren final-laurdena

2007ko txapelketan bigarren sailkatu zen bertsolari añorgarrak egin zuen lanik onena Villabonan. Atzokoa ere ez zen saio gogoangarria izan, baina eman zuen gordetzeko moduko momentu ederrik

BIANDITZ IRAOLA

Lunes, 24 de octubre 2011, 04:17

Publicidad

Beñat Gaztelumendi igo da Villabonako Gpuntuaren geltokian. Atzokoa ere ez zen saio gogoangarria izan, baina bezperan Oñatin baino gehiago asetu zen entzulea. Aipatzekoa binaka lehen bi sailkatuek egindako lana, Gaztelumendik eta Iñigo Manzisidor 'Mantxik', alegia; kartzelan, hamarreko txikian.

Lankideak biak, bikotea izan arren azken bi urtetan elkarrekin ulertzen zirenak. Gero eta gogorragoa egiten egoera, ordea. «Ondo dakizu gauza gogorrena dela /berriro lantokian jartzea horrela / elkar ezagutu ez bagenu bezela» esanez hasi zen Beñat Gaztelumendi. Mantxik arrastoa ederki markatu zion: «Ondo bereizturikan baitauzkat badaezpa / zer dan maitasuna ta zer dan ordu extra». Gaztelumendi ez zegoen etsitzeko, ordea: «Beste inoren bihotzik ez degu nahi hautsi / bestentzat hainbeste ta guretzat hain gutxi / esaten dedanean paper hoiek utzi / musukatu nahiari ezin diot eutsi». Mantxik ere ez zuen bihotz hautsirik nahi: «Ez zenuke nahi gaizki zure emaztea / . / eta hobea al da geureak haustea? esan zion bigarrenean».

Anaiak koplatan

Bi hauen lana ere borobila izan zen bakarkakoan. Gaztelumendik jokoak mendean hartutakoaren azaletik kantatu zuen. Hiru bertsoak elkarrekin josten bikain asmatu zuen, hiru bukaerak karta jokuarekin lotuz irudi bikainak osatuz.

Bigarren bertsoa hauxe: «Bizioa izaten du ta horrenbeste gizakik / hasieran ezin ginen gu atera tabernatik / sarri pentsatu izan det irten behar det hontatik / baina kartak izerditan itsatsi egiten zaizkit / gaur ere hementxe nago nahiz ez dakidan zergatik / berriro galtzen ari naiz ta ez det ulertzen tutik / sarri pentsatu izan det alde egitea jokutik / tamalez beti berak du hogeitamaika eskutik».

Publicidad

Mantxiri eskultorea izatea tokatu zitzaion. Erakusketa egiteko lanak hartu, eta inguruko inor agertu ez. «Txikitatikan barruan nuen hain afizio itzela / eskutan hartuz edozein harri mailua eta zintzela / bat pakearen eskultura da bestea bihotzeko perla / baina ikusi det nere inguruko inor etorri ez dela / ez nuen espero bela / Oteizak nola demontre zion? hutsak balio duela».

Unai Agirre hirugarren sailkatua ere fin ibili zen. Oso erregular kantatu zuen, akats handiegirik gabe, ez alperrik, Mantxirekin berdindu zuen eta. Baina zarauztarrak printza gehiago utzi zituen hernaniarrak baino. Zortziko handian Gaztelumendi anaietan gazteenarekin aritu zen, Unai eta Unai. Hamabost urteko semeak festetan laguna etxera eramateko baimena eskatu zien, eta neska batekin azaldu zitzaien. Gaztelumendik «ñiki ta ñaka soinua aditzen ari naiz ni hemen di-da / gure etxeko pareta denak paperezkoak al dira?». Agirrek «baina jeloskor ez zaite jarri orain ama arraioa / hamabost urte eginak ditu ez degu atzo jaioa».

Publicidad

Aipatzekoa ere Gaztelumendi anaiek koplatan egin zuten lana. Aurreko gaiak kontutan hartuta atzeko kantukideei kantatu zieten, txapelketan ez, baina edozein jaialditan baleude bezala. Entzulearengana iritsi zen bien jarduna, eta honek biziki eskertu zuen. Datorren asteburuan Hondarribian eta Idiazabalen dituzte hitzorduak bertsozaleek, larunbatarekin eta igandearekin, hurrenez hurren.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad