Borrar
«Einsteini buruz idatzita, 'Anabi'-k ahoa itxi nahi zion Unamunori»
IGANDEKO HITZORDUA

«Einsteini buruz idatzita, 'Anabi'-k ahoa itxi nahi zion Unamunori»

Karmele Artetxe EHUko irakaslea eta UEUren zuzendaria

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 9 de febrero 2014, 02:49

'Einstein n' liburua plazaratu du Karmele Artetxe Sánchezek (Zamudio, 1976). 1936 aurreko euskarazko zientzia eta goi mailako kultura du aztergai. Komunitate Zientifiko Euskaldunari buruzko doktore-tesia defendatu zuen Artetxek 2010ean, eta hain zuzen ere tesi horren zati batean oinarritzen da oraingo emaitza. Bestalde, Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendaria da Artetxe 2011tik, eta Inguma datu-basean dokumentalista gisa aritu da zenbait urtez.

-Liburua esaldi honekin bukatzen duzu: «Gerraostea ez zen ezerezetik abiatu».

-Bai, adibidez, Euzko-Gogoa aldizkaria zubi inportantea izan zen gerraurre eta gerraostearen artean. Gerraurreko egile askok hantxe eduki zuten tokia gero. Herentzia jaso zuen Euzko- Gogoak; adibidez, Raimundo Olabideren herentzia jaso zuen. Gizon honek giza-gorputzaren hiztegia osatu zuen. Eta literatura klasiko eta unibertsala itzultzen jarraitu zuten Eusko Ikaskuntzakoek.

-Beraz, 1936ko gerra aurretik ere itzuli ziren euskarara literatura unibertsaleko obrak.

-Bai, jendeak uste baino askoz gehiago. Batez ere greziar eta latindar literaturakoak, eta baita Kixoteren zati bat ere. Orixek, Kixotearen parte bat ez ezik, 'Tormeseko Itsumutila' euskaratu zuen baita ere. Helburua zen frogatzea literatura unibertsaleko obrak euskaraz ere ipini zitezkeela. Egindako itzulpen kopurua ez da handia, baina helburua argia da: euskaraz kultura jasoa egitea. Beste hizkuntza txiki batzuk ere ahalegindu ziren. Adibidez, asturieraren kasua aipa-tzen dut liburuan.

-Agustin Anabitarte 'Anabi'-k Einsteinen teoriari buruzko hiru artikulu egin zituen. Eta uste dut oso euskara purista erabili zuela, ezta?

-Bai, hala da. Eta hitz haiek praktikan ulertezinak zirenez, aldamenean gaztelaniazko hitzak ipini zituen. Ez zen erraza, horregatik esaten du saio linguistikoa izan zela. Hiru artikulu publikatu zituen, hiru egun jarraitan, 'Euzkadi' egunkarian. 1923an izan zen.

-Baina Anabitarte ez zen fisikaria.

-Ez, eta hori azpimarratu beharrekoa da. Ez zen fisikaria, ez formazioz, ez afizioz. Banku batean ari zen lanean.

-Lan neketsua izango zen artikulu haiek idaztea

-Bai, oso neketsua. Terminologia horri dagokionez, hutsetik ari zen 'Anabi'. Badago beste adibide bat, iridiologiaren arlokoa, hau da, begiaren irisaren bitarteko sendakuntza. Artikulutxo bat izan zen, eta hor egileak zera egin zuen: lehenengo gaztelaniaz idatzi zuen, eta gero jeltzale batek, Joseba Zabala Aranak, euskaratu eta egokitu egin zion. Eta, azkenean, testua ez da uler-tzen. Baina Anabitarte eta Kirikiñoren asmoa ez zen euskara zientzian jarduteko prestatzea, baizik gehiago erakustaldi linguistiko bat egitea. Nolanahi ere, fisikari buruzko lehen euskarazko idazlana izan zen.

-Liburuaren aurkezpenean esan duzunez, horrelako ahaleginak, neurri handi batean, Unamunori ahoa ixteagatik izan ziren. Izan ere, hark uste zuen euskara etorkizunik gabeko hizkuntza zela. Baina Unamuno, eta hark bezala pentsatzen zutenak, konturatu al ziren ahalegin haietaz?

-Interesgarria da galdera. Uste dut oharkabean pasatu zirela. Gerra ostean ere egon ziren horrelako ahaleginak euskararen gaitasuna froga-tzeko, eta uste dut euskaltzale haiek sekula ez zirela asebeteta gelditu. Sekula ez zuten pentsatu: erantzun irmo bat eman diogu Unamunori, eta kitto. Iruditzen zait Unamunok ez ziela inoiz jaramonik egin. Ez zeukan ere zertan kasurik eginik.

-Beraz, badakigu zure liburuaren azalean zergatik dagoen Einstein. -Eta zergatik dago Lizardi?

-Euskara noranahikoa nahi zuelako. Hizkuntza larrekoa, baina baita ere jakite-hegoek igoa. Liburuko dedikatoriarako olerki horixe aukeratu dut. Batzuek esan zidaten ez ipintzeko, oso esaera ezaguna delako, baina ipini egin dut, liburua kultura jasoari buruzkoa delako. Liburuaren barruan, aipatzen dut Lizardik Bonifacio Etxegarairekin izan zuen eztabaida. Izan ere, Lizardik nahi zuen Eusko Ikaskuntzako bileretan euskara gehiago erabiltzea. Eta Etxegarai hango zuzendaritzan zegoen. Prentsan ere argitaratu zituzten artikulu batzuk. Belaunaldi-arazoa ere bazen: Etxegarai pertsona nagusi bat zen, eta Lizardi askoz gazteagoa. Orduan, 'Euskera andiki soñekoz' artikulua argitaratu zuen Lizardik, esanez goi mailako jendeak ere euskara erabili behar zuela, hartara eredu izateko. Gauza ezagunak dira.

-Aurkezpenean esan berri duzu: gerra aurreko egoera nahikoa aztertuta dago eta ez duzu, adibidez, autore berririk topatu. Zuk egin duzu korronte batzuen deskribapena.

-Eta sailkapen bat. Hiru korronte aipatzen ditut: batetik, euskaldun elebakarrei begira egindako lanak, erlijioaren eta nekazaritzaren arloetakoak adibidez; bestetik, euskarari buruzko lan zientifikoak daude, gaztelaniaz idatziak, eta adibiderik argiena RIEV aldizkaria da; eta hirugarren korrontea abertzale batzuena izan zen, saiatu zirenak euskaraz zientzia eta goi mailako kultura egiten.

-Liburuan diozunez, Julio Urkixo bezalako karlista batek sinesten zuen euskararen iraupenean.

-Iraupenean eta biziberritzean. Nahiz eta hizkuntzalaria izan, berarentzat hizkuntzaren mota ez zen oztopo biziberritze kontuetan. Ikusten zuen euskara, landu ezkero, gai zela goi-mailako gaiak tratatzeko.

-Euskal Esnalea aldizkariak hitzaldi batzuk antolatu zituen 1918tik aurrera oso gai desberdini buruz, denak gai jasoak. Aldizkari haren eredua ere purista al zen?

- Ez, ez hain purista. Oso errazak dira irakurtzeko hango artikuluak. Hain zuzen ere, nik planteatzen dudana da: zergatik Gotzon Bidaurrazagak hitzaldi hura egin zuenean iridiologiari buruz, Euskal Esnalea-ren hi-tzaldi zikloan, ez zioten gero testua argitaratu bilduma barruan, baizik eta hortik kanpo? Susmoa daukat horko hizkera garbizalea ez ote zen izan arrazoietako bat. Euskal Esnalea-ko saio hura oso interesgarria izan zen: jarraipena izan zuen, hamar urte iraun zuen, nahiko homogeneoa izan zen, mila orriaalde sortu ziren handik. Ixaka Mendizabalek esan zuen berarentzat orrialde-bilduma hura entziklopedia bat izan zela.

-Askotariko hitzaldiak izan ziren.

-Bai, oso ezaguna da Ignacio Mª Etxaidek eman zuena telefono-sareari buruz. Bera ingeniaria zen.

EINSTEIN EUZKADIN

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Einsteini buruz idatzita, 'Anabi'-k ahoa itxi nahi zion Unamunori»