Karla Fernández de Gamboa eta Xabier Etxaniz Nuria González

Albumak euskal literaturan izan duen garapena aztertu dute

Laida ikerketa taldeak 'Egungo euskal albuma' izeneko liburuan 2001tik 2022ra doazen hamabi testuren eta ilustrazioen analisia burutu du

DV

Donostia

Lunes, 10 de junio 2024, 18:21

Azken urteotan, euskal literaturaren nobedade garrantzitsuenetako bat albuma izan da. Joan den mendaren 60ko hamarkadan oinarriak ezarri baziren ere, esan daiteke mende honen hasierarekin batera hasi zela euskal albumaren ibilbidea. Orain, euskal kulturan izan duen bilakaera eta egungo egoera aztertzen duen lana aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateko Laida ikerketa taldeak. Gutxi dira nazioarte mailan albumari buruzko ikerketak, eta euskaraz egin den lehena da hau.

Publicidad

'Egungo euskal albuma' ikerketak hamabi libururi buruzko iruzkinak bildu ditu, besteak beste. «Albuma hitzez eta irudiz osatutako objektua da: bi kode (hitzezkoa eta irudizkoa) erabiltzen dira istorio bat kontatzeko eta horiek elkarren mendekoak dira, ezin dute funtzionatu era independentean», azaldu du Xabier Etxanizek, UPV/EHUko irakasle eta ikerlaria eta liburuaren arduraduna Karla Fernandez de Gamboarekin batera.

Lan honen helburua irakurlea albumen mundura hurbiltzea ere izan da. Aldi berean, liburu ilustratutik albumera dagoen eboluzioa ikusi, albumen lanketan dauden faktoreen berri izan eta haur txikien artean, baina baita helduen artean ere gero eta presentzia handiagoa duen literatura mota honek dituen ezaugarriak aztertu nahi izan dituzte. Horretarako, hamabi testuren eta irudiren azterketa egin dituzte: 2001ean argitaratutako 'Marraztuidazu gutun bat' albumetik 2022an plazaraturiko 'Zarata Do Maiorren biolin eta pianorako' hitzik gabeko albumera.

Honela, liburuan aurreko bizpahiru hamarkadetan egon den «iraultzaren» nondik norakoa ikusi ahal izango da, baita kanpoko lanen itzulpenak nolako eragina izan duen ere, izan ere azken hauek dira nagusi, eskaintza gero eta zabalago eta aberatsagoarekin. Xabier Etxanizen esanetan, «urte hauetan izaten ari den garapen eta berrikuntza nabarmena da eta horretan guztiz garrantzitsua izan da Etxepare saria, Nafarroako toki-entitateek eta Pamiela argitaletxeak bultzaturiko saria», izan ere, bere ustez, «sariak euskal sortzaileak albumak egitera bultzatu ditu».

Liburu hau UPV/EHUren Laida ikerketa taldea azken urteotan egiten ari den Egungo euskal literatura berria proiektu barruan sartzen da, eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du. Fernández de Gamboak azpimarratu duenez, ale hau berezia da albumak euskal literaturaren ikerketan izan duen tradizio urriagatik eta azken urteotan izaten ari den garapen eta berrikuntzagatik. «Alde horretatik obra hau urratzailea da literaturaren ikerkuntzan, osagarria euskal literaturaren panoramikan eta erabilgarria albumaren mundura hurbildu nahi duten guztientzat», gehitu du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad