

Secciones
Servicios
Destacamos
Inoiz baino komiki gehiago daude argitaraturik lingua navarrorum gurean. Sekula ez dugu ahaztuko Julen Gabiriak egindako lan itzela 'Art Spiegelmanen Maus' are itzelagoa euskarara ekartzean, polemikak ere eragin zituzten erabaki sendoak eta zentzuzkoak, oso zentzuzkoak, hartuz. Ikusgarria/Irakurgarria ere, Julenek onartutako beste erronka, Joe Saccoren 'Palestina' euskaratzearena, hain zuzen ere. Maus-ek eta Joerenak, literatura eta komikiaren saririk nagusienak lortu izan dituzte. Spiegelmanen lanaren kasuan, Pulitzera; 1990ean Ekialde Hurbilera bidaiatu zuen marrazkilari-gidoigileak, berriz, American Book Award preziatua bereganatu zuen. Biak dira komikigintzaren mugarri ezin konparatuzkoak, biak dira lan dentsoak zeinetan orrialdeetako bunbuilotan dauden hitzek, irudiari, marrazkiei itzala egin gabe, garrantzi egundokoa hartzen duten.
Gero eta anitzagoak dira euskaraz leitu daitezkeen komikiak eta, aitor dezagun, denei binetetan baino beste inon aurkitzen dugun tinta usain gozoa, hordigarria ere darie.
Hor daude, kasurako, pelikula ezin hobeak bilakatu diren Pablo Rocaren 'Zimaurrak', 'Etxea' eta 'Ahanzturaren Leizea', hirurak Bego Montoiro Uribarrenek itzuliak.
Horiek guztiek (hamaika gehiagok ere), zalantzarik onartzen ez duen kontu bat baieztatzen dute, euskarak badu komikiaren hizkuntzak exijitzen dituen malgutasuna, mardultasuna, elastizitatea, dentsitatea eta aldi berean binetek eskatzen duten arintasuna. Euskarak eta komikiak elkarri begiratu diote eta bakoitzaren arauak, proposamenak eta arriskuak onartu izan dituzte, gogoz eta balent.
Orain, gutako askorentzat pareko gutxi duen pertsonaiak hartu du hitza euskaraz. Jaun-andreok, lagun minak, gurekin Corto Maltese bera, bere sortzailea Hugo Pratten beraren fama aspaldian gainditu duen abenturazale- filosofo existentzialista, munduaren aldaketa anitzen lekukoa eta beste askoren eragile ezkutuko masoniko eta misteriotsua. Guapoa, darion xarma tentagarriak mendeko uzten ditu arerioak ere. Itsaso denak zeharkatu ditu, portu guztiak ezagutu, lur arraroetan galdu egin da. Nahita edo eznahita. Mila eta bat bidegabekeriaren kontra egin du borroka, nahiz eta sarri galtzaile aterako zela ederki jakin. Akatsik gabeko marrazkiek sortutako gizaki inperfektua, inperfektua izateagatik beste askoren gainetik dagoena ez baitira inoiz izan hobeak puru-puruak.
Irene Hurtado de Saratxo Mendietak egin zuen bere Corto Malteseri euskaraz irakasteko erantzukizuna. Ederki asko, soberan ondo, erantzun ere. Eskarmentu handiko itzultzailea, maiz aritu da italieratik itzulpenetan; Pasoliniren 'Sei Poema' (Ezki berde epel baten azpian eroriko naiz herio beltzean, zeinak barreiatuko dituen ezkiak eta eguzkia.
Gazte ederrek korri egingo dute nik galdu berriko argian,eskoletatik kanpo hegan, ile-kizkurrak kopetan…) itzuli izan ditu. Natalia Ginzburgen 'Juduak' eta 'Bertute txikiak' ere euskarara ekartzen ausartu zen (eta erronka amoros gainditu). Ez zion errefus egin Ida Vitaleri berari. Hona hemen Zoria poemaren zati bat: Zeurez aurkitu beste izaki ezusteko bat behakoaren zubian. Gizakia eta emea izan, ez gehiago ez gutxiago.
Horiek bezalako probak pasata, ezin zuen Irenek espero 'Itsaso gaziaren ur sakonetan' aurkitu behar zituen desafioak. Baina agertu, agertu ziren eta atseginak ziren oso arriskuak. Nolakoa ote Ozeano Barea zeharkatzen zuten marinelen mintzaira? Nolako soinua izan behar zuen uharte galduetako biztanleen hizkerak? Nola heldu balada horretan agertzen diren giza hierarkia guztien arteko hitz egiteko modu ezberdinei?
Hain era ederrean argitaratua den komiki hau euskara aberastasunaren froga zoragarria dugu. Aise erabiltzen du Irenek hitanoa, hitanoa nokan, hitanoa tokan. Serio eta oldarki asumitu ere Hugo Prattek hain maite maite zuen bere Veneziako dialektoa Bizkaiko hizkerara ekarri zitekeela.
Corto Malteseren miresleak zareten horiek, euskarak oraindik harritzen zaituzten horiek goza ezazue Itsaso gaziaren balada bat honekin, Una ballata del mare salatorekin.
Publicidad
Imanol Troyano | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro
Miguel Ángel Mata | San Sebastián y Beñat Arnaiz | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.