Borrar
Lertxundi, elkarrizketa batean. Arizmendi
Benito Lertxundiren kantagintza, aztergai Kanterrin

Benito Lertxundiren kantagintza, aztergai Kanterrin

Euskarazko kantagintzaren inguruko ikasgunearen laugarren edizioa egingo dute Oiartzunen uztailaren 4an eta 5ean

E. A.

Domingo, 13 de abril 2025, 18:22

Kanterrik, euskal kantagintzaren inguruko egitasmoak, laugarren ikastaroa antolatu du uztailaren 4rako eta 5erako Oiartzunen, eta Benito Lertxundi musikari oriotarraren obra eta ondarea izango ditu osoki aztergai ikasgunean hainbat ikuspegitatik, 'Kantari historikotzat naukate, Benito Lertxundiren kantagintzaz' izenburupean.

Egitasmoak euskarazko kantagintza aztertu eta berau sustatzeko baliabideak eskaintzea du helburu, eta esparru askotako eragileen elkarlana piztuarazi nahi du; besteak beste, euskarazko kantagintzaren dimentsio artistiko, kultural, sozial, linguistiko eta historikoa balioan jartzeko.

Ane Ablanedok emango dio hasiera egitasmoari uztailaren 4an, bi saio eskainiko diren egunean. Ablanedok 'Benito, gure emozioen alkimista' lehen hitzaldia eskainiko du 09:30ean. Benitoren musikaren zalea eta adiskidea izaki, bere esperientziatik abiatuko da Lertxundiren musikak sortutako emozioen jatorrian arakatzeko.

Eguneko bigarren saioa Juantxo Zeberio musikariak eskainiko du 'Zerk bereizten ditu Benitoren kantuak?' lelopean eskainiko duen hitzaldian, non oriotarraren kantuen artean lagin bat egingo duen, eta aztertu Lertxundiren musika moldea nola aldatu den 1967an zuzenekoak bakarlari gisa eskaintzen hasi zenetik gaur egunera arte, azken hirurogei urteotan. Era berean, iaz eskainitako kontzertuan zuzenean grabatutako kantuen arrastoa izango du mintzagai.

Lehen eguneko saioak Itziar Navarro Ibañez musikari, musikologo eta kantuzalearekin amaituko dira. 'Orioko bardoaren lorratzean. Benito Lertxundiren ibilbideari errepaso kantatu bat' izenburupean, saio praktiko batean Benito Lertxundiren hainbat kantu landuko dituzte, ahots hutsez edo soinu-tresnaz lagunduta. Antolakuntzatik adierazi dutenez, ez da musika jakintza berezirik beharko, kanturako zaletasuna baizik. Parte-hartzaileei aurrez jaso duten kantu zerrenda etxean entzun izana eskatuko zaie.

Bigarren egunean, bi saio

Kanterrik uztailaren 5ean izango du jarraipena bi saio berrirekin. Lehenengoan, Imanol Artolak 'Benito Lentxundiren kantuak garai soziopolitikoen isla' hitzaldia eskainiko du, eta 1967tik hasi eta 2024ra bitartean gertatutako aldaketak izango ditu hizpide. Adierazi duenez, hirurogei urteko ibilbidean hiru aro bereizi dituzte, eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak landu dituzte.

Amaitzeko, Iker Gurrutxaga, musika saioetako gidariak, 'Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera' saioa eskainiko du. Benito Lertxundik Orioko musikariengan izan duen eragina eta haien prismatik Benitoren musikak zer ekarpen egin duen kontatuko du. Era berean, bestelako hainbat istorio ere izango ditu mintzagai musikariaren alderdi pertsonala ezagutzera emateko.

Interesa dutenek maiatzaren 8ra bitartera eman ahal izango dute izena bi saioetan; soldatadunek 40 euro ordaindu beharko dituzketa, eta soldatagabeek, berriz, 20 euro. Saio bakarrerako txartelak ere erosi ahal izango dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Benito Lertxundiren kantagintza, aztergai Kanterrin