Borrar
Erakusketako inaugurazioko irudi bat, puzgarri eta elastikoekin. De la Hera
Birikak, elastikoak eta puzgarriak: ludikotasuna Tabakaleran

Birikak, elastikoak eta puzgarriak: ludikotasuna Tabakaleran

Museoak haurren eta familien ludikotasuna oinarri izango duen erakusketa berria inauguratu du uztailaren amaierara bitartera

E. A.

Domingo, 13 de abril 2025, 18:25

Tabakalerak Situ-akzioak proiektuaren erakusketa inauguratu berri du aste honetan, Anna Irina Russell artistaren eskutik, prozesua haurrekin eta familia talde batekin egin ostean. Erakusketak 'Birika bezain elastikoa' du izenburu, eta IPI Karmengo Ama eta Herrera Ikastetxeen lankidetzarekin sortu dute, baita sortze-prozesuan lagundu duten familia-talde batena ere.

Egitasmoa instalazio bat eta erakusketa bat da aldi berean. Airea erabiltzen du osagai nagusi gisa, eta haurrak eta familiak jolastera eta esperimentatzera gonbidatzen dituen paisaia bat sortzen du. Askotariko egitura puzgarriak baliatuta, artistak esplorazio kolektibo batera gonbidatzen ditu ikusleak. Museotik adierazi dutenez, «gorputzak zabaldu eta uzkurtu egiten den organismo horretan barneratzen dira», jolasaren eta irudimenaren bidez esanahi berriak sortzeko. Animalia batzuek komunikatzeko edo babesteko dituzten estrategiak -mintzak puztea, esaterako- hartu ditu erreferentzia gisa, eta zalantzan jartzen ditu ahozkotasunaz haraindiko komunikazio-eredu tradizionalak.

Anna Irina Russell (Bartzelona, 1993) eskulturaz eta instalazioaz baliatzen da hegemonikoak ez diren komunikazio-prozesuak esploratzeko. Sarritan, jolasa erabiltzen du aurrez ezarritako komunikazio-egiturak aztertzeko, zalantzan jartzeko eta eraldatzeko tresna gisa. Besteak beste, Fundació Joan Miró, MACBA, La Casa Encendida eta CCCB erakundeetan erakutsi du bere lana. Berriki, Tomar aire artista-liburua argitaratu du Brillo argitaletxearekin.

Bestalde, Situ-akzioak proiektua 2018an sortu zen, eta arte garaikidera hainbat ikuspegitatik hurbiltzea erraztea du helburu. Erakusketa-proposamen tradizionalenetatik aldentzen da, eta arte garaikideko erakusketa-guneak ezagutzeko eta aurrez aurre bizitzeko beste modu batzuk proposatzen ditu.

Erakusketa uztailaren 27ra bitartera mantenduko da zabalik, eta ohiko bisitez gainera, saio dinamizatuak eskainiko dira larunbatetan eta igandeetan 11:00etan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Birikak, elastikoak eta puzgarriak: ludikotasuna Tabakaleran