Secciones
Servicios
Destacamos
Amaia Núñez
Ibarra
Viernes, 10 de noviembre 2023
Gero eta gehiago dira etorkin jatorriko familiak gure artean, urteak daramatzate, eta, nahi gabe, askotan gaztelaniara jotzen da beraiekin hitz egiterakoan, euskaraz hitz egitea nahiago duten pentsatu gabe. Horregatik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina jarri du martxan, Ibarran aurkeztu dena.
Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen dira protagonistak. Batzuk atzerrian jaioak, besteak Euskal Herrian, euskara dute beraien hizkuntzetako bat, eskolan eta lagunartean hitz egiten dutena, baina kalean hori aldatzen da. Askotan, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edo bestelako arrazoiengatik gaztelaniaz hitz egiten diete herritarrek. Euskara ukatzean «bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren», adierazi du Andriy Tsera ibarrako ikasleak; eta kanpainako bideoetan argi uzten duten moduan, «badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako».
Ekimen honen jatorria duela urte batzuk Zaldibiako Lardizabal eskolan martxan jarri zuten 'Euskara eta Kulturartekotasuna' egitasmoan dago. Eider Amundarain eskolako zuzendariak azaldu duenez, guraso batzuk kexatu egin ziren beraien seme-alabei herrian gaztelaniaz hitz egiten zietelako. «Azalaren koloreagatik edo zein familiakoak ziren zekitelako gaztelaniaz hitz egiten zieten haur horiei», dio, eta horregatik programa berria jarri zuten martxan «euskara ardatz izaten jarraitzeko arnasgunea den herri batean», Uemarekin elkarlanean, HUHEZI eta Zaldibiako hainbat eragileren parte hartzearekin.
Zaldibiako eredua ikusirik, beste herri batzuetara zabaldu dute 'Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' egitasmoa azken bi ikasturteetan. Ibarrako Uzturpe ikastolan lau familiatik bat etorkin jatorrikoa dela azaldu du Aitor Bengoa ikastolako zuzendariak eta, beraz, arazo berarekin topo egin zuten. «Ikastolan bertan ikusten genuen bazirela euskaraz jakin arren beraien jatorriagatik edota azalaren koloreagatik hasieran askotan gaztelera entzuten zuten ikasleak zein gurasoak», eta horregatik kanpainarekin bat egitea erabaki zuten.
Zentzu berean hitz egin du Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotziak: «azken urteotan Ibarrara etorri diren eta Ibarran errotu diren herritar asko ditugu hemen. Horietako hainbaten seme-alabak dagoeneko Ibarran jaiotakoak dira. Baina oraindik ere, askotan, aurreiritziak dituzte herritarrek horien inguruan, eta horiei aurre egin nahi diegu, herritar horiei euskara ez ukatzeko eskatuz»
Kanpainaren aurpegia ikasleak diren arren, helduekin ere modu berean jokatzera animatu du Martin Aramendik Uemako lehendakariak. Izan ere, hainbatetan entzun behar izan dute «euskara ikasten egundoko ahalegina egin dutela, euskara ikasten ari direla edo euskara ikasi dutela, eta gero erdaraz hasten zaizkiela herritarrak. Euskara ikasi duten heldu askok ere eskatzen baitigute euskaraz egiteko mesedez. Hori nabarmendu nahi dugu kanpaina honekin, azalen koloreak kolore, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.