Borrar
Kepa Diegez, argitaratu berri duen liburua eskuetan duela.
Eguraldiari buruzko hitzak bildu ditu Kepa Diegezek liburu batetan

Eguraldiari buruzko hitzak bildu ditu Kepa Diegezek liburu batetan

'Eguraldiaren euskara' lanak eguneko solasaldietan erabiltzen diren hitzak aztertu ditu

Itziar Altuna

Donostia

Jueves, 9 de noviembre 2023, 18:13

Eguraldiaren inguruko hitzak bildu ditu Kepa Diegezek 'Eguraldiaren euskara' (Alberdania) liburuan. Egileak Euskal Herrian barrena aro-bidaia bat aurkezten du, herriz herriz daramana irakurlea, eguneko solasaldietan erabiltzen diren 'aroitzak', hau da, eguraldiari buruzko hitzak, ezagutzeko.

Eguraldiari lotutako ikerlan, artikulu, liburu eta hitzaldi ugari ondu ditu Diegezek, eta oraingoan «saiakera narratibo» hau aurkeztu du, erakutsi, azaldu eta irakastea helburu duena. «Hizkuntzalariok askotan adituentzat idazten dugu, baina dibulgazioa falta zaigu», aitortu du. Baina eleberria ere bada, izan ere protagonista bat badago, aro-bidaiaria, herritarrekin eta adituekin hitz egiten duena. «Barneko istorio bat badago, eta korapiloa azken atalean askatuko da», aurreratu du.

Aro-bidaia honetan irakurleak egilearen adimen-begiak sorturiko zenbait elerekin egingo du topo: arotitz, eguraldiari loturiko hitza; arotiztegi, eguraldiaren lexikoa; Aroterri, Aroaren herria, Euskal Herria, azken batean; ostagi, fenomeno atmosferikoa, Azkuek asmaturikoa, egundo ez erabilia, baina egileak bultzatua.

Eguraldiaren lexikoan herri-hizkeran erabiltzen diren mila hitz inguru jaso ditu Diegezek, liburuaren amaieran aurkibide batetan zerrendatzen direnak. Hitz horiek euskara batuan nola idazten diren ere zehazten da, baita zein herritan erabiltzen diren. Guztira 96 herritako hizkera biltzen da, herri bakoitzari atal bat eskaini zaiolarik. Honela, irakurleak aukera du zuzen-zuzenean herri edo eskualde batera jotzea, zein ele erabiltzen diren ikasteko,

Haizea gidari

Euskal Herriko herrialde guztietan gaindi ibiliko da aro-ibiltaria, Getxon hasi, oraindik jatorrizko hizkera gordetzen duen Bizkaiko herria, mendebalderenean kokatua, eta Eskiulan bukatu, Euskal Herritik kanpoko herri euskalduna, Biarno aldean. «Bidaia bihurria» da, ordena zehatzik jarraitzen ez duena, «haizeak eramaten du aro-ibiltaria toki batetik bestera, orotariko haizeak, ipar, hego, mendebal zein ekialdekoak», azaldu du egileak, izan ere, eguraldiaren inguruko hitz askok haizearekin zerikusia dute.

Protagonistak elkargune ugari erabiliko ditu herritar eta adituekin aroaren hitzez jarduteko: kultur etxeak, udaletxeak, euskaltegiak, euskara-elkarteak, tabernak, elizak edo parkeak. Eta fikziozko eta benetako pertsonak agertuko dira bere ibilbidean. «Zarautzen Anjel Lertxundirekin izan nintzen eta bere esanak jaso ditut», azaldu du egileak.

«Liburu oparoa» dela uste du Jorge Giménez Bech editoreak. «Euskarari buruz eta euskararen bizitasunari buruz asko ematen du». Euskararen baliagarritasunaren inguruan «asko hitz egiten» ari den garai honetan, euskara «hiztun komunitatea» dela gogoratu du, «eta hori askotan ahaztu egiten zaigu». Liburuak hori jasotzen duela azpimarratu du editoreak.

Hain zuzen, sentimendu kolektiboa ere aipatzen du Kepa Diegezek lan honetan, izan ere «komunitateak onetsi behar du hitz hori, ezinbestez elkarbanatu behar du». Liburuan bildu dituen hitz hauek komunitateak onetsiak dira, ez dira galdu, baina asko «lo» daudela onartu du, horregatik lan honen garrantzia, ezagutzera emateko. «Hitz batzuk tokiko zaharrenek erabiltzen dituzte, baina ez gazteek, beste era batetara esaten erakutsi dietelako». Hala ere, hau hizkuntza askotan gertatzen dela ere aipatu du.

Egilea

Kepa Diegez (Bilbo, 1960) Informazio Zientzietan eta Euskal Filologian lizentziatua da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetan doktorea ere bada (EHU). Eguraldiari lotutako ikerlan, artikulu, liburu eta hitzaldi ugari ondu ditu; besteak beste: 'Etnometeorologiari buruzko euskal hiztegia egiteko oinarriak eta osagaiak' komunikazioa (Euskaltzaindiaren XV. Biltzarra, 2001); Eguraldia eta kultura euskaldunen artean (Gaiak, 2008); 'Euskal lexiko meteorologikoaren azterketa' (UZTARO 120, 2022) eta 'Euskal lexiko meteorologikoaren azterketa: kultura eta kognizioa' (ASJU, 271, 2022). Lan-arloan, 1985etik aurrera irakaskuntzan ari da hainbat ikastetxe, fakultate eta euskaltegitan, euskararen alorrean, beti ere.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eguraldiari buruzko hitzak bildu ditu Kepa Diegezek liburu batetan