Borrar
G.P.
Bi 'escape room' Aste Santuko oporretarako prestatu den eskaintza oparoaren artean
Gipuzkoako parketxeak

Bi 'escape room' Aste Santuko oporretarako prestatu den eskaintza oparoaren artean

Anduetza parketxean eta Barandiaren Museoan eskainiko dira erronka hauek

I. Altuna

Donostia

Lunes, 14 de abril 2025, 13:39

Astea Santua eta Pazko astea Gipuzkoan igaroko dutenentzat eskaintza oparoa prestatu dute Gipuzkoako natura parkeen erakusleiho diren sei parketxeetan, bakarka egitekoak zein taldekakoak edo familientzat atondurikoak.

Guztien artean bi berrikuntza azpimarra daitezke aurtengo proposamenen artean, biak ala biak escape room deritzon jolasteko eran oinarrituak. Zegaman, Anduetza parketxean, Frai Bartolomeren misterioa izeneko erronkarekin dibertitzeko eta ikasteko aukera izango da (18an eta 20an) eta Ataunen, ildo beretik, Jentilen mundua eskapu jardueran parte hartu ahal izango dute Barandiaran Museora (19an, 21ean eta 27an) joaten direnek.

Bi jolasak fikziozko istorioetan oinarritzen dira. Parte-hartzaileek misterio bat argitu beharko dute denbora tarte jakin batean. Helburu hori lortzeko frogak era askotakoak izango dira. Talde edo familia bakoitzak, beste baliabide batzuen artean, sakelako telefono (smartphone) bat erabiliko du. Parketxeetan launa tablet egongo dira, nolanahi ere, hala nahi duten jokalariren eskura.

Gainera, Anduetza parketxean faunarekin lotutako beste bi jarduera ere prestatu dituzte: Animalia basatien bila Murgisarrira (19an) eta Euskadiko hegazti migratzaileen bitxikeriak (27an). Eta Ataungo Barandiaren museoan, talo tailerra (18an eta 26an), Sartu kobara! (19an) eta bisita gidatu bereziak museora eta errotatxoa (17an eta 20an). Hori gutxi balitz, 'Arkeologia Ataunen' erakusketa dago ikusgai, Aldundiaren Gordailutik propio ekarritako Historiaurreko zenbait piezarekin.

Beste parketxeak

Beste lau parketxeetan ere hainbat ekintza antolatu dira. Alde batetik, Oiartzungo Arditurri parketxean, bertako meategiak ezagutzeko aukeraz gainera, hiru jarduera berezi izango dira: Mineralen bila (17an), Sai arreak amildegian (26an) eta orientazio jolasa familian (19an eta 21ean).

Aizkorri-Aratz natura-parkeko sarbide den Arantzazuko parketxean eskaintza oparoa izango da egun hauetan, hainbat proposamenekin: Sai arreak behatu (17an), Arantzazuko altxor galduen bila (19an, 20an eta 27an) eta Pastor por un día (18an). Azken horretan parte hartzen duen guztiak inguruneaz gozatzeko eta gaztagintzaren sekretuak ezagutzeko, sentitzeko eta dastatzeko zortea izango du.

Aiako Iturraranen (Pagoeta natura-parkean) ere bada, azkenik, Aste Santu eta Pazko aste honetarako planik: Galdutako erlearen bila (18an, bi hizkuntzetan), Agorregiko burdinola eta errotak (17, 18, 19, 20 eta 21ean, bi hizkuntzetan), Udaberriko Altxorrak orientazio jolasa (20an) eta Landare Berezien 21. Azoka (26an eta 27an).

Parketxeek prestatutako jarduera horietan guztietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako eta bakoitzaren xehetasunak (orduak, adinak..) jakiteko parketxe bakoitzera dei edo idatz daiteke (www.gipuzkoanatura.eus).

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bi 'escape room' Aste Santuko oporretarako prestatu den eskaintza oparoaren artean