Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Euskal kultura ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko laguntzak

Euskal kultura ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko laguntzak

Jaurlaritzak 100.000 euro bideratuko ditu argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa eta funts bibliografikoak digitalizatzeko

DV

Donostia

Miércoles, 12 de junio 2024, 13:59

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak euskal kultura ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko diru laguntzak onartu ditu astearte honetan, euskal kultura ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzeko eta, ondoren, Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitalaren bidez zabaltzeko asmoz. Horrela, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtu nahi dira, datozen belaunaldiei transmititzeko.

Guztira 100.000 euro bideratuko ditu diru laguntzetara Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura ondarea osatzen duten kultura baliabideak digitalizatzea edo katalogatzea helburu duten proiektuak, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa eta funts bibliografikoak. Proiektu bakoitzerako gehieneko zenbatekoa 20.000 euro izango da, eta gutxieneko balioa ez da 2.500 eurotik beherakoa izango digitalizaziorako eta 5.000 eurotik beherakoa katalogazio eta digitalizaziorako.

Laguntza jaso ahal izango dute euskal kultura ondareko baliabideen titular diren pertsona fisikoek eta erakunde publiko edo pribatuek, baliabideak jabari publikoan badaude, obra zurtzat jotzen bada (horien jabetza intelektualeko eskubideen titularrak identifikatu gabe badaude edo, halakorik badago, aurkitu gabe badaude) edo titularrek dagozkien ustiapen eskubideak badituzte. Iazko deialdian hamar proiektu lagundu ziren diruz.

Aurreko deialdian ezarritakoari jarraikiz, diruzko laguntzak izan beharrean «gauzazko» laguntzak dira. Katalogatzeko edota digitalizatzeko lanak eskatzaile batzuentzat zailtasun teknikoak dituzte, baita irudien eta horiekin batera doazen deskribapenen kalitate estandarrak bermatzeko ere. Horrela, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren ardura izango da lan hori egitea eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin.

Azken emaitza Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitalean zabalduko da, zuzenean sartuz zein bilduz. Interesdunek hilabeteko epean eskatu beharko dituzte laguntzak, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal kultura ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko laguntzak