Secciones
Servicios
Destacamos
Berrogei urte igaro dira Koldo Mitxelenak «Euskalkien ageriko aurpegia» izeneko artikulua argitaratu zuenetik (1983). Lan horretan dei egiten zien euskalari, ikertzaile eta euskaltzaleei berandu baino lehen elkarrekin lan egin zezaten euskalkien bilketan eta azterketan. Horretarako jendea prestatzeko beharra ere nabarmendu zuen.
Mitxelenaren aldarri hau aintzakotzat hartuz, jardunaldi bat burutu dute asteazken honetan EHU-ko Uda Ikastaroen baitan Baionan Iker zentroarekin lankidetzan. Ikastaro honen helburu nagusia masterretan eta doktorego programetan dauden ikasle gazteek beren lanaren berri emateko aukera eskaintzea izan da, «ikerketa arloan lehen pausuak ematen ari diren gazteek plaza bat izan dezaten beren lanak aurkezteko», dio Irantzu Epeldek, Iker zentroko ikertzaileak eta ikastaroko zuzendariak. Baina aldi berean, «eskarmentu gehiago duten irakasle eta doktoreak» ere izan dira hizlari, izan ere «bi talde hauen arteko saretzea» bultzatu nahi izan du ere jardunaldiak eta «eztabaida sortu euskal ikasketetan hain garrantzitsua den gai baten inguruan, euskalkien azterketari dagokiona, hain zuzen».
Euskal ikasketen arloan badira bi master programa gaur egun, Baionan eta Gasteizen, eta «fruituak ematen ari dira», Epelderen esanetan, izan ere ikasleak master amaierako hainbat lan eta doktore tesi egiten ari dira euskalki jakin batzuen azterketa zehatzaren inguruan. Alde horretatik «bide onetik» goazela dio. Jardunaldian zehar, besteak beste, Baigorri eta Ikaztegietako datuak bildu dituen tesia aurkeztu da. «Gaur egungo hiztunak elkarrizketatu dituzte gazte hauek datuak biltzeko, eta plaza hau aprobetxatu nahi izan dugu hortik atera diren hari interesgarriak denon artean aztertzeko».
Ikerketa alorrean hainbat lan burutzen ari badira ere, azken hamarkadetan «hizkera batzuk galtzen ikusi ditugu, hala nola erronkariera edo zaraitzuera», gogoratzen du. «Mitxelenak bere artikuluan ikertzaile gazteei arreta deitu zien, 'zenbait euskalki orain bildu behar dituzue', esan zien, bestela galdu egingo dira». Bilketa lan horiek egitea «presazko lana» zela ohartarazi zuen orduan hizkuntzalari eta idazle errenteriarrak.
Nahiz eta azken urteotan nahi baino gutxiago lan egin den euskalkien azterketan, euskal dialektologia ez da geldirik egon, eta zenbait aurrerapen eta ikerketa egin dira lexikoaren, morfologiaren edota sintaxiaren arloetan. Euskalkien azterketa eta ondoko sailkapen bat egin nahi bada, lehenengo pausoa, euskalki horietako hiztunengana hurbildu eta haiek ezagutzeaz batera, beraien hizketari buruz ahalik eta informazio zehatzena jasotzea da. Gaur egun, euskal dialektologoek Koldo Zuazok egin zuen euskalkien sailkapena hartzen dute oinarritzat. Zuazok burutu zuen mapan bost bereizten ditu: mendebaldekoa (edo bizkaiera), erdialdekoa (edo gipuzkera), nafarrera, nafar-lapurtarra eta zuberera. «Baina bost bloke nagusi hauen barruan tokiko hizkerak daude, Txingudi ingurukoa, Arrasatekoa, Urola aldekoa edo Goierri aldean hitz egiten dena, besteak beste».
Etorkizunera begira, eskoletan euskara batua irakasten den arren, euskalki horietan hiztun gazteak eta haurrak badirela uste du Epeldek, «transmisioa ez da eten, nagusiki etxetik euskalkiaz jabetzen ari dira, zorionez». Herri batzuetan transmisio hau lagunartean ere ematen dela dio, «Azkoitian errazago emango dira kasu hauek Irunen baino». Haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan transmisio hori mantendu daitekeela pentsatzen du, «bultzatu daiteke eredu bat tokiko hizkeratik hurbilagoa dena». Baina hau ikastetxe batzuetan bakarrik egiten da, «irakaslearen arabera, eta honek gaiaz duen jarreraren eta jakitatearen arabera; bizkaitar irakasle bat Azpeitian jartzen badute, ez du tokiko euskalkia izango». Zentzu honetan, «egungo ordezkapen sistemak» euskalkien transmisioan ez duela laguntzen aitortzen du ikerlariak.
Azterketa linguistikoetarako «joko handia» ematen du euskara batua eta euskalkien arteko harremanak. Iker zentroko ikerlariaren esanetan. «Oso interesgarria da estandar bat sortu izana eta gero honek euskalkiekin harremanetan zein fenomeno gertatzen ari diren aztertzea», dio. Baita euskalki desberdinak erabiltzen dituzten hiztunen kasuak, gertutasunagatik edo beste hiztunekin elkartzen direlako. Honela, hizkera berriak sortu daitezkeela ere aitortzen du Irantzu Epeldek, «hori hiztunen mugikortasunak aginduko du, hiztunak zenbateraino mugitzen diren, beraien arteko harremanak eta zein hizkera eredu aukeratzen duten komunikazio era horiek errazteko, horrek erabakiko du hizkera berriak sortzen diren edo ez». Dena dela, Irantzu Epeldek argi du bizi diren hizkuntzak etengabe aldatzen ari direnak direla. Eta euskara hauen artean dago.
Publicidad
Ángel López | San Sebastián e Izania Ollo | San Sebastián
Fermín Apezteguia y Josemi Benítez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.