Borrar
Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, eta Eneko Goia, Donostiako alkatea, erakundearen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldian. E.I.
Herritar eta bazkideei irekita egongo den egoitza berria estreinatu du Eusko Ikaskuntzak

Herritar eta bazkideei irekita egongo den egoitza berria estreinatu du Eusko Ikaskuntzak

Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian kokatuko diren bulegoek irekian lan egiteko «erraztasunak» emango dizkie langileei eta bazkideei

Itziar Altuna

Donostia

Martes, 22 de octubre 2024, 14:15

Gaurkotasuna, gertutasuna eta irekiera. Hitz hauekin definitu du Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak erakundearen egoitza berria. Ofizialki gaur inauguratu dituzte bulegoak, Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian. Azken urteetan Miramar Jauregian hartutako espazioa atzean utzi, eta aurrerantzean, etorkizunera begira jarriko den «etxe berria» izango du erakundeak. «Donostiako zentrora etorri nahi genuen, herritarrek ikus dezaten ze lan egiten dugun, baina batez ere bazkideek erraztasuna izan dezaten hona etorri eta lan egiteko», azaldu du Urkizak.

Erabat berritutako lokalak 250m2 azalera hartzen du, bi solairuetan banatuta eta, bertan lan egiten dute 10 pertsonek. «Lan egiteko moldeak berritu dira, diziplina bertikaletatik lan egiteko modu horizontalera pasatu gara, eta lan proiektuak multidiziplinarrak dira, langileek beraien artean harremana dute, beraz, beharrezkoa zen era ireki batean lan egiteko espazio bat sortzea». Egoitza berri honetan hainbat espazio sortu dira topaketak eta bilerak egiteko, bai langile edo bazkideentzat. Sortzen diren talde eragileak ere hemen bilduko dira.

Ana Urkiza lehendakariaren ustez «egoitza berri honek aldaketa bat suposatzen du: ez bakarrik itxura gaurkotu eta modernoagatik, baizik eta asmoetan ere agerikoa delako kalera irekitzen garela». Gainera, «leku propioa» bezala sentituko dute, Eusko Ikaskuntzarentzat aspaldiko nahi bat izan dena.

Eneko Goia alkateak, aldiz, Donostiaren erdigunean Eusko Ikaskuntza izatea «ohore bat» dela aitortu du, eta erakundearen ibilbidea eta egindako ekarpenak balioan jarri nahi izan ditu. «Aitorpen hori berresteaz gain, etorkizunean ere hori egiten jarrai dezazutela eskatu nahi dizuet, gure herriak erronka handiak ditu aurrean eta horiei aurre egiteko pentsamendua, zientzia eta ezagutza behar beharrezkoak ditu, eta egoitza hau izan dadila horretarako tresna eta baliabide», esan du.

Inaugurazio ekitaldian izan dira ere, besteak beste, Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako ordezkariak Manu Olariaga eta Josemanuel Bujanda; Iñaki Zabaleta, erakundeko idazkari nagusia; Yosu Arraiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko kontseilukidea; Joseba K. Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko kontseilukidea; Javier Arakama Nafarroako Gobernuko kontseilukidea; eta Javier Retegi eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzaren lehendakari ohiak (lehenengoak, 2002-2008 epealdian eta bigarrenak, 2012-2020 bitartean).

Bosgarren egoitza

Donostiako Bergara kaleko egoitza berria erakundeak izango duen bosgarren 'etxea' izango da. 1918an sortu zenetik, eta Gerra Zibila hasi arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egon zen. 1978an berrezarri ondoren, bulegoak izan zituen Txurruka kaleko 7an (1982-1987), Legazpi kaleko

10ean (1987-1994) eta Miramar jauregian (1994-2023). Azken hamabost hilabeteotan, erakundeak Donostian (Foruen pasealekua) eta Usurbilen (Txikierdi poligonoa) dituen lokal osagarrietan jarraitu du jardunean, behin-behinean.

Behin betikoa izan zitekeen kokagune batean finkatzeko proiektua Eusko Ikaskuntzaren ondoz ondoko zuzendaritzek ukitu zuten aspaldidanik, jasotako proposamen ezberdinak mamitu gabe. Baina 2022ko uztailean, Bazkideen Batzar Nagusiak onartu zuen gaurtik aurrera 'Asmoz ta Jakitez' (pentsamenduaren eta jakintzaren alde) leloa duen erakundearen eragiketa-zentroa izango den erakundera lekualdatzea.

Egoitza berria herritarrei erakusteko ate irekiak iragarri ditu Eusko Ikaskuntzak. Honela, aste osoan zehar, alegia, hilaren 23tik 26ra ate irekiak antolatu dituzte. Asteazkenetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara bitartean, eta larunbatean goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Herritar eta bazkideei irekita egongo den egoitza berria estreinatu du Eusko Ikaskuntzak