Ver fotos

Maialen Lujanbio eta Iñaki Murua eskuak altxata. iñigo royo
Bertsolari Txapelketa Nagusia

Hirugarren txapela Maialen Lujanbiorentzat

Buruz burukoan Amets Arzallusekin aritu ondoren nagusitu da Euskal Herriko Bertso Txapelketan

Domingo, 18 de diciembre 2022

Maialen Lujanbio (2240 puntu) nagusitu da Nafarroa Arenan. Euskal Herriko Bertso Txapelketa irabazi du bertsolai hernaniarrak, buruz-burukoan Amets Arzallusekin (2166) kantatu ondoren. Aurtengoa Lujanbio eta Arzalusen arteko hirugarren buruz buruko izan da, 2009ean eta 2013an.

Publicidad

Mahaian egon diren bederatzi epaileeek 220 bertso puntuagarri entzun ondoren -eta puntuagarri izan ez diren agurrak- erabakia 20.15ean eman dute jakitera. Iruñako Nafarroa Arena bete duten 13.300 bertsozaleek txalo zaparrada artean jaso dute erabakia. Iñaki Muruak jantzi dio txapela Maialen Lujanbiori, baina aldez aurretik finalistek agurreko bertsoa abestu dute. Hunkigarrienetarikoa Aitor Mendiluzek kantatu duena izan da bere ama gogora ekarriz; elkarrekin ez zuten inoiz euskaraz hitzegin, baina amak eraman zuen eskutik bertso eskolara.

Egungo txapeldun zen bertsolari hernaniarrak bere zazpigarren finala zuen, eta hirugarrenez txapela jantzi du igande honetan (2009 eta 2017an lortu zituen beste biak). Arzallusentzat bosgarren finala zen eta oraingoan ezin izan du bigarrenez txapelketa irabazi.

Noticia Relacionada

Buruz burukoan bi bertsolarien arteko lehiak erabaki du 2022ko Bertsolari Txapelkea Nagusia. Hartarako, aurrez, azken bakarkako ariketari aurre egin diote lehenik, binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan; ostean beste hiruna bertso zortziko txikian; eta, azkenik, ganbarako lana. Honetan bi izan dira erronkak: banaka, hitza gaitzat emanda -oreka-, bertso bat osatu dute bederatziko txikian; ondoren, gaia emanda, hiru bertso kantatu dituzte.

Zaletuen gozamenerako jo eta ke hasi dira biak ala biak lehen puntutik. Umorez, elkarri kolpetxoak emanda eta, batez ere, bertsokera arin eta azkarra erabilita. Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu duten bikotearen paperan jostari aritu dira Arzallus eta Lujanbio eta algara mordoa entzun dira harmailetatik. Ildo beretik jarraitu dute zortziko txikian eta jada lehian ez dauden bertsolariek ere utzi dituzte txalo eta barreak.

Publicidad

Puntuazioak

  • 1. Maialen Lujanbio: 2240 puntu

  • 2. Amets Arzallus: 2166

  • 3. Aitor Mendiluze: 1507

  • 4. Sustrai Colina: 1495

  • 5. Alaia Martin: 1493,5

  • 6. Beñat Gaztelumendi: 1443,5

  • 7. Nerea Ibarzabal: 1435,5

  • 8. Joanes Illarregi: 1421,5

Maialeni buruzko pelikula egiterakoan bere rola interpretatzeko hautatua izan da Amets eta fisikoki izango den erronkari nola erantzun izan dute mintzagai: bekoki beltzerako kortxoari su emanda, ilearen faltan peluka nork egingo duen... Tareta izan da ere Amets Arzallus beraren papera nork egingo lukeen pentsatzeko: «Egaña Mendiluze aukeretan doaz / ta beste batzuk ere bidean gogoaz», itxi du ganbarako saioaren aurretik.

Bazkalostean indarrak hartuta eta Joanes Illarregik agindutako «ebakia» edan ostean itzuli dira 13.300 bertsozaleak eta zortzi finalistak Iruñeako Nafarroa Arenara. Goizeko saioak faborito argirik utzi gabe, denek dute aukera azken zatira igaro eta txapela buruz burukoan jokatzeko. Bigarren aurretik erakutsi dute gogoz igo direla Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendik.

Publicidad

Igande honetan, agurrez gain, banaka egindako bigarren lanean gaia emanda hiru bertso nahi den doinu eta neurrian osatu behar izan dituzte zortzi finalistek. Ordu mordoa kantuan aritu ostean batzuentzat azken lana izan zitekeela jakitun, ausart ekin diote lanari eta barrutik bota dituzte hiru bertsoak. Alaia Martinek ireki du atea GKEko kide eran Gazako gatazka mintzagai izanda eta atzetik abiada bizian sartu da Nerea Ibarzabal tikitan familiako kide batek «egindakoa» kontatzea erabaki ostean. Osaba baten eraso eta abusuak kantatuz eta «erdizka nahi dut aitortza eta beste erdia mendekua» bezalako puntuekin Nafarroa Arenan daudenak aulkietatik altxa ditu. Iraganari eta behin izandakoari begiratzeak ematen duen minetik jo du, beste era batean, Sustrai Colinak. Urte askoan pertsona ospetsua izan ostean, Osasunako atezaina, orain bakarrik da, «denboratik apartean» berak esan bezala, urteak «itota antsietatean».

Arzallus zein Lujanbiok gogoz ospatu dute buruz burukora pasa izana eta orain ganbarakoak erabakiko du zeinena den txapela

Iraganari eta behin izandakoari begiratzeak ematen duen minetik jo du, beste era batean, Sustrai Colinak. Urte askoan pertsona ospetsua izan ostean, Osasunako atezaina, orain bakarrik da, «denboratik apartean» berak esan bezala, urteak «itota antsietatean».

Publicidad

Hautsak harrotzea, eta nola, da Maialen Lujanbiok lortu duena. Auzo aberats batean etxeak garbitzen, «lan finko bat eta hiru erdizka» klase sozialen arrakalak azaleratu ditu eta beste behin erakutsi du bazterretako gaiak erdira ekartzen maisua dela. Hainbeste lan ordu eginda «eskubideak borrokatzeko astirik ez zait geratzen» edota «baina garbitzen erratz pasatzen hauts kentzen hor nabil jaio / gizarte zikin itxura horrela txukuntzen zaio» bezalako puntuak kolpea izan dira, oihartzuna utzi dutenak eta erantzun modura agian eguneko txalo zaparrada handiena jaso dutenak.

Maialen Lujanbiok klase sozialen arrakalak azaleratu ditu eta beste behin erakutsi du bazterretako gaiak erdira ekartzen maisua dela

Bi munduren arteko borroka hori, kasu honetan norberak bere gaztaroko 'ni' harekin duena, egokitu zaio Beñat Gaztelumendiri. Etxea txukuntzean topatutako egunerokoan ikusitako orduko iritzi irmoak eta sortutako egungo galderak eta zalantzak kantatu ditu, baita 'Beñat' harekin izango lukeen elkarrizketa: «irakurriaz pentsatu dut Beñat isil zaitez arren / mutiko hari esango nion gauzatxoren bat pozarren / hainbeste negu, hainbeste uda, ohartzerako pasatu da / bai aldatu gara garden ta eskerrak aldatu garen».

Publicidad

Bestelako elkarrizketa zail bat, bikote baitakoa, egokitu zaio Amets Arzallusi: bere bikotekideek ama izan nahi dute, berak aita aldiz ez. Hori dela eta ez dute aurrera egin bere azken harremanek eta berak gurasotasunarenak «torturatuko» hitzak direla egotzi du: «zer den irudi erromantikoen presioaren ortitza». Fin aritu da gaiari erantzunda, baina azken bertsoan errima bat bigarren aldiz kantatu du eta ikustekoa da ea zein ondorio duen honek epaimahiaren puntuazioan. Are gehiago goizeko saioan egin duen poto posiblea gehituta.

Umorea erruz zortziko txikian

Zortziko txikian puntutan umore erakustaldia egin dute zortzi bertsolariek. Hitz jokoei eta hitzen adiera ugariei, bigarren zentzuei, zukua atera dizkiete. Tartean izan dira ere goizeko lanei erreferentziak -esaterako Alaia Martinek Sustrai Colina 'grogi' zegoela bota duenekoa'-, oholtzan dauden gainerako bertsolariei buruzko bromak edo euskaldunok maletan daramatzagun zerrenda barregarriarekin txisteak. Gozatu dute zaleek, majo egin dute barre eta eskuak gorritu dituzte txaloak joz.

Noticia Patrocinada

Aurrez, hamarreko txikian bromak alde batera utzita, serio jarri eta binaka kantatu dituzte Alaitz Errekondok planteatutako gaiak: pandemia ostean koadrilen bazkariak antolatzeko zailtasun, oztopo eta zalantza; azken hamarkadetan herri txikiek populazioa galdu ahal duten etorkizuna adineko eta gazte banaren ikuspegitik; okindegiko langile eta haren bezeroaren harremana eta hizkuntza erabileraren ondorioak; edo zaletuen txalo gehien lortu dituen estreinakoz nota txarrak etxera eraman dituen ikasle onaren eta aitaren arteko elkarrizketa. Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek umoretik jo dute eta notaz harago gizarte harremanetan nota onak lortzearen garrantzia edo sexu heziketa aprobatzearen garrantzia azpimarratu dituzte kantuan.

Finalean ari diren zortzi bertsolariak oholtzara igo aurretik olatua eginaz pasa dituzte minutu batzuk, plaza den giro onaren erakusgarri. Goizean erraz etxekotu dute plaza eta arratsaldean ildo beretik abiatu dute saioa agurreko umorezko bertsoek erakutsi duten bezala.

Publicidad

Goiz parekatua

Lehen zatiko lanak txapela janzteko faborito argirik gabe amaitu dira eta bazkalostean askok nabarmendute dute zortzi finalistak maila onean aritu direla kantuan, agian inork goia jobe gabe. Hala, saioa ez da hautsi aurreko final batzuetan bezala. «Arratsaldean bertso handiak espero ditugu».

Ganbarako lanarekin jarri dute zortzi finalistek goizeko saioa eguerdiko etenaldi eta ondo merezitako atsedenaldirako bidean. 'Irribarre konplizea egin diozue elkarri' da zortzi bertsolariek jaso duten proposamena, Goizak eman duenaren laburpena ere izan liteke: irribarre asko, eta pareko gutxi duen ikuskizun honen zati diren eragile guztien arteko konplizitate izugarria.

Publicidad

Finalera sasoi betean eta gogotsu etorri dira zortzi bertsolariak eta oso erregular aritu dira, gorabereha handirik gabe, ez bada Amets Arzallusek ganbarakoan egin duen (edo egin ez duen) potoaren ingurukoa. Saioa jarraitzen ari diren zenbait adituren ustez, goi-goian oraingoz batere ez, baina makalaldi nabarmenik ere ez. Ederki denak, jasotako proposamenak lagun, eta publikoarekin konektatzeko gaitasun izugarria dutela erakutsiz. Erreferentzia berriak ekartzekoa ere bai, kombucha eta guzti zerbitzatu baita Nafarroa Arenan, Alaia Martinen eskutik...

Bertso-gogoz zeuden bertsozaleak, zer esanik ez. Aparteko ikusmina sortu duen final berezi eta bereziki irekiak ezin izan hasiera hoberik, eta jarraipena ere halakoxea ari da izaten. Nafarroa Arenak ere lagundu du horretan, handitasuna eta goxotasuna bateratzea posible dela ari baita erakusten. Toki bikaina, giro are bikainagoa.

Publicidad

Hamaikak puntu-puntuan entzun dira aurreneko txakoak Nafarroa Arenan, eta harrezkeroztik ez dira isildu, ez bada bertsozaleek oholtzako zortzikotearen lana isi-isilik jarraitzen dituzten tarteetan izan ezik. Bertsozale Elkarteko ordezkariak bertsozaleei «azkenean iritsi gara Iruñera» esan eta Txapelketan kantatu duten 42 bertsolarientzat, sekulako lana egin duten eta gaur egun ere lanean jarraituko duten boluntarioentzat eta, oro har, honelako egunak posible egiten dituzten guztientzako txalo bat eskatu duenean entzun di, alegia. Handiena, jakina, Jon Zaldua gai-emalearekin batera oholtzara heldu diren zortzi protagonistek jaso dute, zortzi finalistek. 13.000 lagun zutik. 26.000 esku txaloka.

Bertsolariek ere txalotu dituzte bertsozaleak, eta zozketan egokitu zaien hurrenkeran iritsi dira agurrak. Aitor Mendiluze izan da aurrena, eta ondotik etorri dira Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi.

Umoretik ari dira jotzen bertsolariak ahal duten gehienetan, baina bertso hunkigarriak ere ari dira entzuten finalista denak oso erregular dabiltzan saioan

Agurreko bertsoak ez dira puntuagarriak -puntuak pilatzen joatzeko, 15 bertso osatu beharko dituzte goizeko saioan zehar-, baina zortzi finalistek erakutsi dute ez datozela egun pasa, eta kasurik gehienetan intzentzio-adierazpen trazak ere izan dituzte. Lan puntuagarriak hasi direnean berretsi egin dute inpresio hori. Umoretik ari zaizkie heltzen bertsolariak horretarako bidea eskaintzen ari diren gaiei. Entzuleak, 'txalometroa'-ren arabera, ari dira eskertzen joera hori, eta sareetan ere ari da hedatzen umorea...

Edonola ere, bestelako gai eta lanak ere benetan ari dira estimatzen eta txalotzen entzuleak goiz osoan zehar maila ederrari eusten ari zaion saioan. Oro har, egunerokotasunarekin zerikusia dute gaiak ari dira nagusi izaten, baina barruak mugiarazten dituen horietakoak ere ari dira oholtzaratzen, bertsolariei euren dimentsio denak erakusteko aukera eskainiz. Ganbarakoan ari dira izaten ugarriak horrelakoak. Esaterako, Amets Arzallusen hiru bertsotan Ibrahima Balderekin batera 'Miñan-en kontatu zuena berreskuratu duenean. Segituan zabaldu da bertsoaren inguruko eztabaida teknikoa (... munduko bi parte,....bidearen parte), baina erruz egin diote txalo bertsozaleek.

Publicidad

Gozatzeko beta ere eskainiko dien bide luze eta lantsua dute aurretik bertsolariek, bertsoka-bertsoka osatzen doazena. Denen bistan palko batean adi-adi dauden epaileen egitekoa ere ez da arina izango. Ardura hori Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkozek dute euren gain. Bertsolarien eta gai-emaleen kasuan bezala, haiek heldu dira azken hitzordura, baina haiekin batera aurreko faseetan epaile lanetan ibili diren gainerakoen lana ere hartu behar da aintzat.

Final berezia

Arrazoi askogatik da berezia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. finala, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena: Nafarroan egingo den aurrena da; aurreneko aldiz izango dira hiru emakume oholtzan eta kolpe bakarrean izugarri berritu da bestela mantsoago eraldatzen den finalisten zortzikotea, hiru bertsolariretzat baita estreinaldikoa gaurko finala: Alaia Martinentzat, Nerea Ibarzabalentzat eta Joanes Illarregi. 23 urteko leitzarra, gazteena izateaz gain, nafar bakarra da, eta beste marka bat ere badu: aurreneko Txapelketa Nagusian aurkitu du finalerako bide zuzen-zuzena.

Pandemiaren eragin larriena gaindituta, eta oroitzapen txarrak atzean utzi nahirik, berriz elkarrekin egotearen eta elkar ikustearen poza igartzen da espero baino urte bat gehiago itxaron behar izan duten bertsozaleen artean. Final irekia izango den sentsazioa ere bai. Izan ere, bikain aritu dira Nafarroa Arenako oholtzara iristeko bide luze edo laburragoa egin behar izan duten Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Maialen Lujanbio gaur ariko da lehen aldiz bertsotan 2022ko Txapelketan, inork baino hobeto ezagutzen duen saio berezi-berezi batean, zazpigarren finala baitu hernaniarrak. Finala nola kudeatu ondo dakite halaber kinka honetan maiz egon diren Mendiluzek, Colinak, Arzallusek eta Gaztelumendik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad