Ander Perez, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Txapelketa Nagusiko antolakuntza taldeko kidea, Nafarroa Arenan. I. ARIZMENDI
Ander Perez

«Bultzadatxoa emango dio bertsolaritza Nafarroan izaten ari den garapenari»

Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea ·

Azken hamarkadetan Nafarroan bertsolaritzak eta bertsozaleek egin duten lanaren aitortza eta erakusleiho ere izango da igandeko finala

Jueves, 15 de diciembre 2022, 08:54

«Aspaldi ari gara igandekoa antolatzen, gure partea eginda daukagu, baina azken aste hau oso mugitua ari da izaten. Kontziente gara saio bat baino gehiago dela finala, askoren eskaera eta beharretara egokitu behar dugula, eta horretan ari gara azken egun hauetan», dio Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Txapelketa Nagusiko antolakuntza taldeko Ander Perezek.

Publicidad

Lanak lan eta eskaerak eskaera –«bideratzen errazena sarrera eske datorrenarena da, ezezko azkarra baitauka», dio–, aparteko ikusmina sortu duen 2022ko Bertsolari Txapelketaren finala antolatzea ez da jardun ezdeusa. Ander Perezen hitzetan, «denetarik du pixka bat, bertsolaritzaren mugimenduaren barruan eta bertsozaleentzat finala egun handia» baita.

Are handiagoa etxean egiten bada: «Ilusio berbera nuen BEC-en egiten zenean, baina Nafarroako bertsozaleontzat eta Bertsozale Elkartearentzat ohore handia da Iruñean egitea, baina baita lan eta ardura handia ere. Ilusioa eta poza ere bai, jakina».

2021eko urrian iragarri zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 16 urtez Barakaldoko BECen jokatu ostean Iruñeko Sadar inguruan kokatuta dagoen Nafarroa Arenara egingo zuela jauzi finalak. «Bertako bertsolaritza mugimendua hauspotzeko balioko du», aurreratu zuten.

Bi urte barru 40 beteko dituen Nafarroako Bertsozale Elkartea eta bertsolaritza bera une gozoan harrapatuko ditu igandeko finalak. Ander Perezen ustez, «Nafarroan azken urte eta hamarkadetan egindako lan handiaren ondorioz bertsolaritzak izan duen garapena ere izan da finala Iruñean egiteko arrazoietako bat».

Publicidad

Garapen hori ez da nolanahikoa izan: «Lehengo txapelketei eta bertsolariei begiratzea nahikoa da ikusteko bertsolaritza Nafarroan oso mugatua zegoela eskualde batzuetara, batez ere Baztan-Bortziriak inguru horretara, baina badira urte batzuk, hamarkada batzuk esango nuke, salto handiak eman direla bai hedapen geografikoan eta baita bertsolarien tipologian ere, nahiz eta hori ez den Nafarroaren berezitasuna».

Gaur, alegia, «bertsolaritzaren mugimendua oso indartsu eta oso bizi dago Nafarroako beste eskualde batzuetan, izan Iruñerrian edo izan Sakanan, baina badira ere bertso eskolak Lizarran, Pirinioan, Tafallan...». Bilakaera horretan beste urrats garrantzitsu bat izan omen zen «2018an Nafarroako Gobernuak bertsolaritza izendatu izana babestu beharreko ondare materiagabea».

Publicidad

Noticia Relacionada

«Bide horretan, ikusten dugu finala Iruñean ospatzeak beste mugarri bat jarriko duela» dio, nahiz eta ez duen uste egun batetik bestera gauzak erabat aldatuko direnik. «Ez dut uste biharemunean ezer handirik gertatuko denik. Modu zuzenean ezer ekarri baino gehiago, non gauden erakutsiko du, hartutako bide horretan aurrera goazela, ez dagoela etenik». Eta, Txapelketa Nagusiaren finala ez denez arrastorik utzi gabe igarotzen, ziur dago du «bultzadatxo bat» emango diola «azken urteetan bertsolaritza Nafarroan izaten ari den garapenari».

Bertsoa eta euskara

Garapen hori, besteak beste, bertsolaritzak hezkuntza arautuan duen presentzian eta bertso eskolen martxan gauzatzen da, eta aldi berean bi fenomeno horien ondorio da: «Urte asko daramatzagu Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin eta hainbat udal eta mankomunitaterekin lanean, eta gaur egun D eredua eskaintzen duten ikastetxe ia guztietan gaude; 2.800-3.000 haurrek jasotzen dute urtero programa ikastetxetan». Bertso eskolen kopurua aldakorra da, baina «50 bat bertso eskola talde izaten dira Nafarroan barna, gehientsuenak haur eta gazteenak, baina helduenak ere bai, dozena bat edo...».

Publicidad

Gakoak

  • Garapena: «Nafarroan salto handia eman da bertsolaritzaren hedapen geografikoan eta bertsolarien tipologian»

  • Funtzioa: «Bertsolaritzak badu euskara eta euskal kultura transmititzeko funtzioa, bertsolaritzaz haragokoa»

  • Erakusleiho: «Finalak erakutsiko du azken urteetan hartutako bidean aurrera goazela, ez dagoela etenik»

  • Aukera: «Jendeari euskara hutsez aritzeko aukera ematea errimak sortzea baino garrantzitsuagoa da»

Kasurik gehienetan, eskutik ari dira hedatzen bertsoa eta euskara: «Bertsolaritzak funtzio asko izan ditzake, eta Nafarroan oro har ikusten da bertsolaritzak baduela euskara eta euskal kultura transmititzeko funtzio hori, bertsolaritzaz haragokoa dena. Eskualderen batzuetan, batez ere haurrekin, bertso eskola ez da hainbeste bertsolariak sortzeko fabrika, baizik eta modu ludiko, entretenigarri eta sortzaile batean euskaraz jarduteko eta sortzeko aukera eskaintzea. Horrek izugarrizko garrantzia du euskarak nahiko genukeena baino leku gutxiago duen Nafarroan, jendearen eguneroko erabileran ere bai. Halako molde batez jendeari elkartu eta euskaraz hutsez aritzeko aukera emateak errimak sortzeaz haragoko garrantzia du».

Oinarria zabaldu eta elikatu ahala, gainera, bertsolari gehiago iristen dira gailurrera. Finalean bertsolari nafar bakarra ariko da, Joanes Illarregi leitzar gaztea, baina «finalera bat, bi edo hiru iritsi, Txapelketaren osotasuna hartuta ikusten dugu gero eta bertsolari nafar gehiago dabiltzala lehen lerroan, ez bakarrik Txapelketan, baizik eta plazetan, zirkuituetan, asteburuko saioetan, eta horrek badu lotura zuzena aipatutako hedapen horrekin. Den-dena dago lotuta».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad