

Secciones
Servicios
Destacamos
Lau egun, abenduaren 5etik 8ra. Gune nagusi bat, Landako, eta sei espazio: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Szenatokia eta Saguganbara. Literatura, musika, antzerkia, performance-ak, rol jokoak, euskararekin lotutako ekimenak edo omenaldientzako tartea, publiko orori begira diseinatutako programazio anitzak denetarik izango du. Eta, oinarrian, bi zutabe, bi ardatz, argi: transmisioa eta genero-oreka.
Euskal kulturaren plaza izanda ia errazagoa litzateke nor falta den zerrendatzea. Han izango dira hainbat profil: inoiz kale egiten ez dutenak –Toti Martínez de Lezea, Jon Arretxe–, zenbait urteren ostean proposamen berriarekin itzultzen direnak –Uxue Alberdi, Anari, Gorka Urbizu, Beñat Sarasola, Miren Amuriza, Iban Zaldua, Anjel Lertxundi–, estreinatuko direnak –Pagadiren lehen liburua, 'Irabazi arte'-ren denboraldi berria, 'Itoiz, udako sesioak'–, antzerkiak, pelikula, dokumental edo film-labur emanaldiak –'Azken Erromantikoak', 'Negu hurbilak'– eta omenaldi edo aitortza jasoko dutenak, Lertxundiri buruzko tailerra edo Nestor Basterretxearen bueltan egingo diren erakusketa eta ekitaldiak.
Badira zenbait urte leloa esaldi hutsa izatetik dezente harago doala eta 59. edizio honetan, beste behin ere, leitmotivak -'Hartzea ematea DA!'- argi utzi nahi du. «Irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, egotea egitea da, hartzea ematea da», Beñat Gaztelurrutia Gerediagako Elkarteko koordinatzaileak 2024ko kartel eta lelo aurkezpenean esan bezala. Eta, horretarako, transmisioa funtsezkoa da, Gaztelurrutiak ohartarazi bezala «euskarazko sorkuntza oso aberatsa» bada ere, «nahikoa hartzaile» ez dituelako. Horregatik, beste urtebetez, egitarauan gazteek presentzia berezia izango dute eta bi egunez protagonismoa: abenduaren 5ean Durangoko Azoka irekiko duen Ikasle Egunarekin eta biharamuneko Gazte Eztandarekin.
Gai berari loturik
Orotara 40 ikastetxetako gazteak bertaratuko dira, haien iritzia eta eskariak kontuan izanda gunez gune diseinatutako tailerrekin. Azken urteotan antolatutako Gamer gelaren arrakasta ikusita, beste urtebetez Landako gunean txokoa izango du. Batetik, Game Erauntsiak elkartearen eskutik 30 minutuko bideojoko saioak izango dira; eta, bestetik, Rolariak elkarteak azken berritasunak plazaratu eta lehen aldiz ezagutu eta saiatzeko aukera eskainiko du. Ez da teknologiarekin lotutako bakarra, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan ordenagailu zaharretan 'Luberrri' sistema eragile libre eta euskalduna instalatzen ikasteko lantegia eskainiko baita eta 'hodeia' ikuspegi kritikotik aztertuko baita 'Gymkhana: digitalizazioa jokoan' lantegian. Burujabetza posibleak, sortzen diren menpekotasunak eta taldean erronkak aztertuko dituzte Leire Lisón Humanitate Digital Globaletan graduatuarekin.
Landako guneko erakusmahaietan aurkezten diren lanetara ere gerturatuko dituzte ikasleak Szenatokian Bideoklipa DA!-rekin, ezagunak diren artisten bideoklipen edo ikus-entzunezko lanak abiapuntu izanda solasaldia eskainiko baita. Beharrezko egitura, gidoia, materialak, baliabideak… Ideia sortzen denetik gauzatu arteko garapena. Analisik harago, sorkuntzak ere espazioa izango du Saguganbaran Txoriak Txori collage-arekin edota Irudienean hartuko duen antzerki sorkuntza eta inprobisazioa teknikak uztartzeko tailerarrekin. Karrika Antzerki Taldeak lagunduko ditu bertaratuak, eszenak nola sortzen diren edota konpainia kideen funtzioak azalduz.
Euskara, noski, aztergai izango da Ahotsenean ikus-entzunezkoen eskaintza eta plataformekin duten harremanetik abiatuta. Hizkuntza ohiturak erdigunean jartzea izango da asmoa, baita sortuak dauden baliabideak zein diren ezagutu. Enfoke beretik joango da 'Pentsamendua gazte hizkeratik' saioa, egungo auzietarako euskarazko leloak sortzeko «gazte hizkeratik».
Analisik harago, sorkuntzak ere espazioa izango du Saguganbaran Txoriak Txori collage-arekin edota Irudienean hartuko duen antzerki sorkuntza eta inprobisazioa teknikak uztartzeko tailerarrekin. Karrika Antzerki Taldeak lagunduko ditu bertaratuak, eszenak nola sortzen diren edota konpainia kideen funtzioak azalduz.
Ez da atzetik joango Gazte Eztanda, abenduaren 6an, egun osorako programarekin. Hala, autobusak antolatu dira esaterako Gasteiztik eta Iruñetik. Ahotsenea musikan «beren beregi gazteei zuzendutako» emanaldiak izango dira «euskaraz zer entzun dezaketen» proposatzeko asmoz. Ildo beretik joango da Irudieneako eskaintza, Ane Berriotxoaren 'Nire amaren etxea', Jone Arriolaren 'Hor konpon' ikus-entzunezkoa edo 2023ko sormen bekaren irabazle izan zen Marramiau talderen 'Argizagi. Zubi bat adiskidetasunerantz' lanekin. Saguganbaran izango da azken hau. Hori gutxi balitz, gauez Landako plazan instalatuko den karpan Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik gaueko 02:00ak arte luzatuko diren zuzenekoak izango dira.
Lau egunek, noski, publiko orokorrarentzako egitaraua eskainiko dute, erabakiak beti errazak izan ez badira ere. Ohikoa baino egun bat gutxiago izango du 59. Durangoko Azokak eta horrek egitarauan eragina izan du. Ez kalitate edo aniztasunean, baina bai lekua izan duten aurkezpen edo proposamen aldetik. «Liburuak eta diskoak aurkezteko 78 eta 108 eskari jaso ditugu, 50 eta 34 proposamenentzat soilik izan dugu espazioa. Sekulako bihotzeko mina eman digu denei lekua egin ezinak», azaldu zuen Gotzon Barandiaran Ahotseneako arduradunak. Irtenbidea emate aldera, antolakuntzak burua estutu eta esku artean zuen denbora eta espazio kudeaketa zukututa lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu ditu.
Ezin ezkutatu, aldi berean, bertan izateko nahi hori albiste ona denik, euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela argi erakusten duenik. Landako gunean 153 partaide izango dira 274 erakusmahaitan banatuta, horien artean autoekoizleen plaza deiturikoa. Zazpi sortzaileren lanak izango dira. Denen artean 2024an kaleratutako 933 kultur nobedade eramango dituzte, 639 liburu, musikari lotutako 216 lan, 47 aldizkari eta bestelako 31 argitalpen. Eta noski, fondoko produkzioa edo mercahndising-a ere.
Kopurua beti ez doa eskutik kalitatearekin. Kulturazalearen lasaitasunerako, Durangoko Azokaren erakusmahaietan gustuko zerbait aurkitzea ez da zaila izango. Agian pazientzia eskatuko du ariketak, baina patxadaz hartuta ziur ez dela esku-hutsik itzuliko. Udaberrian nobelak eta poema liburuak nagusitu ziren eta udazkenean batik bat saiakera, nahiz eta ipuin-bildumak ere presente diren.
Toti Martínez de Lezeak 2024an girotu du 'L'Arratien', euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean kaleratu duena Ereinek; Jon Arretxek Touré detektibearen 11. atala, 'Zenbaki gorriak' plazaratu du; eta iazko leloari keinua eginda, fantasiak ere espazioa izango du, 'Sacamantecas' oinarri izanda Xabier Montoiak 'Lautadako mamua' (Elkar) idatzi baitu eta Izaskun Graciak 'Basokoa' (Alberdania) eleberri laburra. Atzera begirako lana du Beñat Sarasolaren 'Coca cola bat zurekin' (Susa) eleberriak, algarak sortuko ditu Mikel Pagadiren 'Bisita' (Elkar) liburuak eta ziur erosienen artean izango direla Miren Amurizaren 'Pleibak' (Susa), Ander Izagirreren 'Elkanoren herriari bueltaka' (Libros del K.O.) edo Karmele Mitxelenaren 'Zoriona edo antzeko zerbait' (Elkar).
Narrazioetan bi erreferentek azken lana dakarte, Uxue Alberdik 'Hetero' eta Nerea Loiolak 'Zebrak eta bideak', emakumeen presentzia eta protagonismo handiarekin; eta generoan beste urrezko luma den Iban Zalduak Xabiroi bilduman aleka kaleratzen joan den istorioa bildu du 'Botere handi batek' album ilustratuan. Alor honetan, noski, Astiberri eta Harriet dira buru. Lehenak Javier de Isusiren 'Goizero' eta klasikoetan klasiko den Hugo Pratten 'Itsaso gaziaren balada bat', Corto Maltes pertsonaia ikonikoari eskainitakoa, dakartza; bigarrenak 'Egun bat Beti Berdin Tabernan' eta 'Mugako dragoiak. Azote'. Itoizko urtegiaren istorioa berreskuratu du Ane Labakak 'Murmur' albumean.
Poesian Leire Vargasen 'Bihotz-museo bat' (Elkar) da nobedade nagusia, baina ez bakarra. Zenbait argitaletxek klasikoen berredizioa edo itzulpena dakarte. Batetik, Ereinek Bernardo Atxagak 1978an kaleratutako 'Etiopia' izango du stand-ean, adituen aburuz euskal literatura modernoaren mugarrietako bat; eta euskarara ekarri ditu Susak Munduko Poesia Kaieran Manuel Vázquez Montalbanen eta Jaques Preverten antologiak. Balea Zuriak are klasikoago den Homeroren 'Odisea' izango du.
Itzulpenek ere pisu handia dute uztan, gehigarri honetako hurrengo orrietan xehatu den bezala. Gaurkotasun handiko liburuak, munduko gertakarien kronikak eta klasiko handiak zein maisulanak izanagatik ezezagunak direnak izango dira.
Publicidad
Amaia Oficialdegui y Beatriz Campuzano | San Sebastián
Fernando Morales y Sara I. Belled
Amaia Núñez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.