Borrar
Jon Maia bizitoki eta inspirazio iturri duen Zumaiako arranplan. Felix Morquecho
Jon Maia: «Egiten dudanak gizartean ekarpen positiboa duela sentitu nahi dut»

Jon Maia: «Egiten dudanak gizartean ekarpen positiboa duela sentitu nahi dut»

'Kantu berri bat gara'-k 2021eko proiektua jarraitzen du, «melodiak gehiago zainduz», dio. Bihar oholtzaratuko du Victoria Eugenian

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 8 de febrero 2024, 18:42

Sormen-prozesua are gehiago zainduta eta «edertasunaren eta emozioen bidez herri proposamena» egiteko asmoz sortu zuen Jon Maiak 'Kantu berri bat gara', 2021ean aurkeztutako 'Kantu bat gara' liburu-diskoaren jarraipena. Zail egiten zaio definitzea, hainbat kontu «txirikordatzen» dituelako, «indibiduala eta kolektiboa» esaterako. Bihar oholtzaratuko du Donostiako Victoria Eugenian ohiko taldearekin -«musikan magoak dira»- eta berezkoak dituen gonbidatuekin. «Hobe da ez jakitea nor diren», dio umorez.

- Kantugintzan ibilbide luzea duzu, gehienbat abestiak besteentzako eginda. Norberarentzat egiterakoan presio ala askatasun gehiago sentitzen duzu?

- Aurrez 'Karidadeko Bentak' eta 'Hezurbeltzak' proiektuekin ere niretzat sortuak ditut, baina bai, desberdina da. Besteentzat egiterakoan ardura gehiago sentitzen duzu eta etxerako egiten direnean lasaiago zaude, ez daukazu inor atzetik denborengatik galdezka edo ez zara beste baten azalean jarri behar. Nire hitzak bere egin behar dituztela oso kontuan dut eta ariketa exijenteagoa da. Proiektu honetan 'Ta Orain' kantuari Olaia Intziarterekin grabatu baino ordu erdi lehenago sekulako aizkorakada eman nion, letra erdia aldatu nuen, eta arrakasta handienetakoa izan duena da. Esan nion «barkatu eh». Nire buruari egiten diodan jokaldia da. Hasierako bertsioak konbentzitzen ez ninduen zerbait zuen, letra difuso ikusten nuen. Bertsolari bezala momentu definitiboaren aurreko une horretan oso ondo funtzionatzen dut.

- Lan hau 'Kantu bat gara' proiektuarekin aldera daiteke?

- Lan hau askoz ere koherenteagoa da. Buruari bueltaka hastean lehendabizi proiektua egiteko motibazioa bilatzen dut, ez egin egiteagatik edo abeslari izateko. Zer daukat esateko orain arte esan ez dudana? Posible dut eboluzio bat edukitzea aurrekoarekiko? Ekiteko bigarren arrazoia izan zen talde oso on bat daukadala, luxuzko musikoak dira, eta horrelako ejertzitoa izatean errenuntziatzea zailagoa da, tren honen bidaia ezin zen amaitu lehen diskoarekin. Zergatia erabakita, lana globalki pentsatzen dut: letra pentsatzeaz gain aldi berean tesia dut buruan, kantu hori nola azalduko dudan, zuzenekoetan zer esateko edo zein diskurtso egiteko bide ematen didan. Eta hirugarren geruzan zein ilustrazio jarriko dizkiodan eta zein irudi proiektatuko ditudan.

- Marko horrek ez dizu sormen-prozesuan eragiten?

- Kantuak kontatu nahi dudan horri begira idazten ditut. Bigarren laneko tesia edo linea editoriala hiru kantutan dago: 'Introa', 'Lurpeko erreka' eta 'Kantu hau kantatu' eta azken kantuak, 'Euskal Herria B', diskoa borobiltzen du. 'Lurpeko erreka'-k nondik gatozen azaltzen du, 'Bereterretxeren khantoria'-k, euskal kantu zaharrenak, inspiratutako kanta da. Ordutik Bereterretxetik gaur arte datorren identitatea eta kultura, mendeetako transmisio kate erraldoia, eguneratzeko eta etengabeko eraldaketan transformatzeko proposamena.

Hori bermatzean besteetan errelajatzen naiz. Adibidez 'San Telmo aldean' maitasun kantu fiktizio bat da, besterik gabe maitasun kantu bat egitera joan nintzen, ez dago diskurtso edo tesi bat.

Proiektuaren tesia

«Edertasunaren eta emozioaren bidez egiten dudan herri proposamena da eta transmisioa eta identitatea ditu ardatz»

- Transmisioa aipatu duzu, 'Kantu berri bat gara' laneko ardatzetako bat. Letretan ere bada interpelazioa 'zu' edo 'herri' bati.

- Edertasunaren eta emozioaren bidez egiten dudan herri proposamena da 'Kantu berri bat gara' eta transmisioa eta identitatea ditu ardatz. Intimoaren eta kolektiboaren arteko nahasketa da. Linea editoriala markatzen duten kantuak ere bide horretan doaz. 'Introa' pelikula modukoa da, historikoa, Zuberoako borda batean 1400 urte inguruan Bereterretxe nola hiltzen duten imajinatzen dut. Gero 600 urte hauen perspektiba ematen du 'Lurpeko erreka' abestiak, zer ez den gertatu urte hauetan! Eta hala ere bizirik heldu dela kantua XXI. mendera. Hori izugarria da, transmisio katedral bat da, giza kate ikusezin eta erraldoia Zuberoatik egungo Euskal Herriraino, gertatu denaren azpitik. 'Kantu hau kantatu' abestian hori islatzen da, aurreko guztia gabe, ni ez nintzatekeela hemen egongo. 'Ta Orain' da belaunaldi arteko elkarrizketa bat Olaia Intziarterekin egiten dudana. Eta 'Euskal Herria B' euskal identitate berriaren proposamen bat.

- Proiektuan zehar, aldarrikapen eta omenaldiez gain, kutsu optimista bat ere nabari da. Euskaldunok maiz txanponaren alde ilunagoa ikusteko zale gara.

- Ez zait gustatzen ezkortasun hori transmititzea. Ni ere askotan ezkor egoten naiz, baina ez dut uste hori denik nire funtzioa. Nire letretan oso kontra aritzea ez zait gustatzen. Nik ere gauza asko esango nituzke jende askoren kontra, baina saiatzen naiz eraikitzailea izaten. Horrek ez du esan nahi zalantzak edo kontraesanak ez dituzunik edo esaten duzunarekin %100 seguru zaudela, baina ezin dut matizatu hainbeste. Egiten dudanak gizarte honetan eta bizi garen mundualdian ekarpen positibo bat egiten duela sentitu nahi dut. Jendeari kontzientzia bat eman nahi diot, oso garai likidoetan gaudelako. Euskara ez dago normalizatua, munduak oso itxura txarra dauka eta dena da libre. Nik kontzientzia bat jaso nuen aurrekoengandik eta nik nire garaikideei kontzientzia bat transmititu diezaiekedala uste dut.

- Kontzientzia kolektiboa, gainera.

- Bai. Nik esan nahi dudana, eta kontzertuetan esaten dut, da gutxi garela munduan eta txikiak, baina oso handia den historiaren parte garela. Hori ikusarazteko proposamen bat da, begiratu 1400. urtetik datorren kantu txiki hau, jendearen memorian ahoz aho, gogorik gogo, bordaz borda, lurraldez lurralde, mendez mende, Zuberoako borda batetik Spotifyren garaira iritsi dena. Hori Zumaiako kaleetan dinosauro bat bizirik ibiltzea bezalakoa da. Hori balioan jarri nahi dut, jendeak sentitu dezala eta jarraipena ematea dela gure misioa.

Musikaren olatu berri hau ikusten dudanean emozionatu egiten naiz. Denbora baterako salbatu garela iruditzen zait. Belaunaldi berri hauek forma eta estilo berriekin euskaraz ari dira, hizkuntza dominanteak hautatu zitzaketen, baina ez. Euskarak irabazi du bere ibilbideari esker leku bat non erakargarria den, oraindik, egungo gazteentzako. Oraingo kantu guztiak 'Bereterretxeren khantoria'-ren seme-alabak bezala ikusten ditut.

Funtzioa

«Ez zait gustatzen ezkortasuna transmititzea, horrek ez du esan nahi zalantza edo kontraesanik ez dudanik»

- Nolakoa izan da aspaldiko kantuetarako itzultzea eta garai horiek birbisitatzea?

- Aurreko lanean kanpoan geratu ziren kantu kuttunak dira, bai bizitzan zein ibilbidean leku berezia dutenak. Negu Gorriaken 'Ez dezagun sal' mitikoa da, oraintxe zuzenean gustura entzungo nuke. Kuriosoa da gure cello-akordeoi formazio akustikora ekartzea. Diskurtsiboki Gariren lehen diskoko 'Apar urrunak' kantuko bertsoak nola sortu genituen oroitzen dut, bera gitarrarekin eta ni sofan eserita idazten, bat-batean. Beharbada idatzi ditudan esaldirik onenetakoak daude, «ametsak txirlaz betetzen dizkit arratsalde mareak», ez dakizula nola ateratzen zaizkizun. Linea editoriala bermatu nuenean kantu hauek sartu ditut ere.

- Kolaborazioek ere pisu handia dute. Eta ez dituzu edonolako bidaideak aurkitu.

- Jendeak galdetzen didanean nola lortu dudan Silviok euskaraz kantatzea erantzuten diet lehen baldintza amets egitea dela, ez baduzu amesten horrekin ez duzu lortzen. Jende askok amestu duela konturatu naiz, baina bigarren pausoa ametsaren bila joatea da eta jende gehienak ez du jotzen, ezinezkotzat ematen ditugu, aldez aurretik uzten ditugu saiatu gabe urrutiegi ikusten ditugulako. Gonbidapen bat da, eta zuzenekoetan esaten dut, gehiago amestu behar dugula eta bila jo. Ez dizu ziurtatzen lortuko duzunik, ziurrenik ez, baina saiatu ezean ez duzu lortuko. Kolaborazioa amets bat da eta opari bat, ez bakarrik niretzat, euskararentzat eta bere milaka jarraitzaileentzat ere. Durangoko Azokan jende asko etorri zitzaian negarrez, eskertuz Silvio jarri izana euskaraz.

- (...).

- Ez zegoen beretzat pentsatua, baina grabatua bidali genion eta gustatu zitzaion. Beretzat oso kantu egokia da, Gorka Hermosaren melodia oso ederra da eta gure formazio horrekin... 'Nostalgia'-ren letra unibertsala da, inspirazioa nostalgia intimo bat da, nire abueloaren argazki batean oinarritua, baina edozeinena izan daiteke. Ez degu hitz egiten iraultzez, nahiz eta Silvio izan. Niretzat hunkigarria da bere eskuzabaltasuna, egin duen esfortzua euskaraz kantatzeko instrukzio batzuekin. Hizkuntza arrotza da, 77 urte ditu berak, eta ni ez naiz Shakira edo Ismael Serrano, beretzat ezaguna edo ona izan daitekeena. Estudioan bere ahotsa lehen aldiz entzun nuenean asko hunkitu nintzen.

Silvio Rodriguez

«Euskaraz kantuan entzutea ametsa da, oparia, ez soilik niretzat, euskararentzat eta bere jarraitzaileentzat ere»

- Melodia aipatu duzu eta kantu askotan indar handia du. Gehiago zaindu duzue aurreko diskoarekin alderatuz.

- Sorkuntza aldetik balio gehiago dauka lanak, musikari bakoitzak bere ekarpena egin ahal izan du. Talentu horretako musikariak dituzunean... Pello Ramirez euskal musikaren mago handienetakoa da, bere konponketak kantu handi askotan daude, ez soilik Benito Lertxundirekin. Bere lehen diskoa, 'Haize oihalak', euskal musikaren gailurretako bat da, hasieratik bukaerara instrumentala, kantu bakoitza pelikula batean sartzea bezala da. Luxu bat da 'Gizon txikia' kantuan egiten dituen konponketa edo soloak. Gorka Hermosa oso inspiratua da, akordeoia iraultzen ari da munduan. Azken diskoa markaz kanpokoa da. 'Euskal Herria B' Nerea Quincocesena da, sekulako konposizio musikala da, eta bira honetan asko ari da luzitzen. Gehiago kantatzen du eta pasada bat da. Eta Natxo Soto teklatuetan... 'Ta Orain' edo 'Kantu bat kantatu' berarekin egindako kantuak dira. Hor geratuko den diskoa egin dugula uste dut, bai herri proposamen bat delako baina musikalki ere iraungo duten kantuak daudelako. Eta liburua ere, ia 60 orrialdeko poema batekin. Hor dago nire proposamen guztia, intimoa eta kolektiboa txirikordatuz. 'Spoken word' esaten denetik du, ahoz gora erritmo batekin errezitatua izatekoa. Denak ikuskizunean egiten du bat, nola definitu ez dakidana.

Publicidad

Premios Goya

La quiniela de los premios Goya 2025

Equipo de Pantallas, Leticia Aróstegui, Oskar Belategui, Borja Crespo, Rosa Palo, Iker Cortés | Madrid, Boquerini, Carlos G. Fernández y Mikel Labastida

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jon Maia: «Egiten dudanak gizartean ekarpen positiboa duela sentitu nahi dut»