![Olatz Salvador: «Aldaketarako beharra sentitu dut, konbikzioa hazteko modua dela»](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/10/18/olatz1-krWF-U2201543056096JJC-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
![Olatz Salvador: «Aldaketarako beharra sentitu dut, konbikzioa hazteko modua dela»](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2024/10/18/olatz1-krWF-U2201543056096JJC-1200x840@Diario%20Vasco.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Eraldatu, musika egiten jarraitu, baina esentzia galdu gabe. Aldaketarako grina berezkoa du Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) eta hirugarren lanean, 'Zainak Eman' (Balaunka) 'beste' musika bat bilatu du. Elektronikara gerturatuta, prozesua ez da erraza izan, eta sormen blokeoei ingurukoen laguntzarekin aurre eginda asko ikasi duela dio.
– 'Zainak Eman' «intuizioari kasu egiteko» edo «askeago izateko» deia dela esan duzu. Artistak, gizartea... lotuago gaude?
– Ez da hain arrazionala, bide pertsonalari dagokio gehiago. Egia da, noski, kontu sozialek eragina dutela nigan behintzat eta sorkuntzan honenbestez baita. Baina ez da hain pentsatua izan, susmoaren, gauza ez arrazionalen eta azaldu ezin ditugun baina badakizkigunen bueltan zihoan gehienbat. Ez dakit estuago gauden... (pentsatu ostean) Bai, gizarte bezala estuago gaudela esango nuke.
– Nahiko esanguratsua da azken boladan hainbat artista eta sortzailek aldarrikatu edo nabarmendu duzuela pause botoia zapaltzeko beharra: Gorka Urbizuk 'Hasiera bat' diskoan, berriki Jon Gerediagak Euskadi sarien banaketan. Single-ekin une oro egon behar horren aurrean artea lasaiago uzteko eskaria da?
– Niretzat oso beharrezkoa da. Ez dut ulertzen fast food bihurtzea musika, hori ez da nire borroka. Ni justu kontrako noranzkoan kokatzen naiz. Badakit algoritmoek ez nautela sarituko, baina hori ez da nire helburua. Nahiko geldoa naiz bizitzan eta sormen prozesuetan eta aldarrikatzeko kontu bat dela iruditzen zait. Denok goaz azkarregi eta ez dakigu oso ondo norantz. Pause hori edo slow motion behintzat.
– Orokorrean zure musikan ausarta izan zara zure egoera kontatuz eta sare sozialen bitartez ere informazio ugari eman izan duzu sektoreari buruz. Disko honetan beste pausu bat eman duzu eta horrek, gertatu zaizun bezala, blokeoa ekar dezake. Nola egiten zaio aurre edo kudeatzen da buklean ez sartzeko?
– Hori izan da nire erronka handi bat disko honekin. Sentitzen baduzu ez daukazula ezer esateko edo zure kanta onenak jada egin dituzula eta ez duzula lortuko kanta on bat egitea, oso argi ez badaukat ere zer den kanta ona, edo ez duzunean hainbeste sinesten zure buruarenagan, mamu horiekin borrokatzea da okerrena. Kasu horietan inguru sano bat edukitzeak asko laguntzen du eta ni behintzat horrek salbatu nau. Bai pertsonalki eta bai profesionalki letretan inspiratzailea den jendea edo zuzenean letra egin didan jendea. Behar izan dut burura begiratu eta elikatu jaso ditudan kontu horietaz.
Zuzenekoen datak
Urriak 25. Bilbo.
Azaroak 8. Gasteiz.
Azaroak 9. Errenteria.
Azaroak 29. Iruñea.
Abenduak 12. Bilbo.
Abenduak 13. Lekeitio.
Abenduak 23. Arrasate.
– Bada topiko bat hirugarren diskoa musikarientzat mugarri dela. Lehenak aurkezten zaituela, bigarrena garapena dela eta hirugarrenak ibilbidea markatzen duela, konfirmatzen zaituena edo balio ez duzula erakusten duena. Hala sentitu duzu?
– (Barreak). Disko bakoitzak ematen du badaukala zerbait. Bigarrena kaleratzean ere esan zidaten 'beti esaten dute zailena dela ze lehenengoa ondo ateratzen bada zortea izan daiteke, baina bigarrena ez'. Ez dakit zer esan, bigarrenarekin alderatuta beste egoera batean nagoela iruditzen zait eta beti lortzen dudala beste ikaskuntza batekin eta beste leku batetik egitea. Alde batetik bai irabazi dudala segurtasun bat, zentzu batzuetan behintzat, adibidez elkarrizketa bat egiterako orduan. Kode batzuk ikasi ditut eta lagundu didate hobeto maneiatzen egoera batzuk. Telebistara zoaz eta dena arrotz egiten zaizu eta entretenimendu saio batean lekuz kanpo ikus zaitezke. Kontu horietan bai ikasi dudala.
– (...).
– Aldi berean sentitzen dut baietz eta ezetz. Agian gehien kostatu zaidan diskoa izan da, baina esandako sormen blokeoengatik edo gelditu eta denbora hartze hori askotan kostatzen delako. Eta prozesua eta estiloa bera oso ezberdinak izan direlako. Alde horretatik izan dira zailtasunak gehiago.
– Hirugarren disko honetan Olatz berri bat aurkeztu duzu, baina zure esentzia galdu gabe.
– Espero dut.
– Sortzaile bezala bide berriak ireki dituzu, baina zure poetikotasuna edo gizartea begiratzeko modu hori galdu gabe.
– Pozten naiz. Nire arima mantentzen bada seinale ona, hori da garrantzitsuena. Beti esaten dut agian estilo aldaketa dela beste bilgarri bat, kanpoko kontua soilik, eta muina espero dudala mantentzea. Kontatzeko gauzak, ikuskerak edo sentitzeko moduak.
Egilea: Olatz Salvador.
Estiloa: Pop elektronikoa.
Diskoetxea: Balaunka.
Prezioa: 12 euro.
– Esaterako lehen kantutik, 'Zintzilik', estribiloa errepikatzeko modua, non bigarren zatia aldatzen duzun mezua ere eraldatzeko eta oihartzun hori uzteko entzuleari. Honetan ere bada hori, agian bilgarri elektronikoagoarekin. Sortzaile bezala polita izango da hori.
– Nire beldurretako bat hori zen, jendeak 'Zainak Eman' ez identifikatzea nik egindako gauzekin. Baina askok esan didate 'ze ezberdina, baina ze zu'. Orduan, oso ondo! Lortu dut (barreak).
– Musika, eszena eta tendentziak aldatzen doaz, agian rock-a ez da hainbeste entzuten eta elektronika gehiago, baina ausarta izan behar da sartzeko mundu horretan. Zurea sentitzen ez duzunarekin zurea izan behar den musika egitea Frankenstein bat gera daiteke.
– Nire kasuan eduki nuen aldatzeko beharra, hori bai sentitu nuela. Alde batetik, sekulako beldurra, baina bestetik konbikzio bat hori hazteko modu bat dela ere, ezagutzen ez dituzun lekuetara joateko modu bat dela, agian hasieran deseroso egongo zarena, baina beharrezko prozesuak dira.
Noticia relacionada
Jon Agirre
– Aldaketa funtsezkoa dela errepikatu izan duzu. Sortzaile bezala ez da presio askotxo?
– Funtsezkoa niretzat eh, bakoitzak bere beharrak dauzka. Niretzat exijentzia baino gehiago behar bat da, barruak eskatu zidan zerbait zen. Behin eta berriro gauza bera egiteaz aspertu nintzelako edo besterik gabe esploratzeko gogoa nuelako.
– Disko ezberdin honekin aurkezpenak ere ezberdinak egingo dituzu. Lehenik solasaldi musikatuak.
– Solasaldiena bururatu zitzaidan eta ostean etorri ziren galderak, nola egingo nuen. Base guztia bota eta karaoke modukoa egitea ez nuen ikusten. Ikusi nuen polita zela soiltasun horretara itzuli eta kantek horrela ere funtzionatzen zutela txekeatzea.
– Horiekin, gainera, kantuen esentziara heltzeko modu bat eskainiko duzu.
– Bai. Kantu bati munduko efektu, apaingarri eta su artifizial guztiak jar diezazkiokezu, baina nire ustez gitarra eta ahotsarekin edo piano eta ahotsarekin funtzionatzen ez badu, iristeko gaitasun hori ez badu, agian kanta hori ez zen hain ona. Estetika aldatuta, baina kantak hemen daudela esateko modu bat da.
– Ostean helduko da bira. Diskoarekiko antzekoago izango da?
– Bai, solasaldiak amaitu eta jarraian hasiko dugu bira. Saiatu gara ahalik eta fidelen izaten. Ez da erraza, Katalunian grabatu nuelako hango ekoizle batzuekin eta musikariak ez ziren egon. Lan handia izan da eta eskertu nahi diet hemendik, soinuetara gerturatze horretan, ahalik eta fidelen izan baina dena zuzenean jotzen ikusten, ordu asko sartu dituztelako.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.