

Secciones
Servicios
Destacamos
«Pozaren pozez» hartu zuen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) 2023ko Euskarazko Literatura sariaren berri. Dantza eta guzti egin zuela azaldu du prentsaurrekoan, hori bai «diskretamentian, sukaldean eta lekuko bakarrarekin». Ildo horretan, berriro aipatu du eleberriari ekin aurretik zalantzak izan zituela, batez ere «adinkeriari» lotutakoak. «Gauza izango naiz nire adinarekin eleberri txukuna egiteko?». 'Azken etxea' (Pamiela) lanak argi utzi du baietz. Josu Jimenez, Idoia Carramiña, Ane Zapatero, Ane Labaka eta Mikel Aierbek osatutako epaimahaiak ere hala iritzi du «eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak» zein «ikuspegi eta planteamendu narratiboan harturiko arriskuak» nabarmenduz ebazpenean.
- Irakurle eta irakurle-taldeei garrantzia handia eman diezu zure ibilbidean. Haien eskutik saria jaso zenuen, bai 111 Akademiarena zein erosle aldetik. Euskadi Sariak aurrekoak osatzen ditu?
- Ez dut analisi hori egin, poza hartu besterik ez dut egin oraingoz. Baina bai. Irakurlerik gabe ez dago literaturarik, beste zerbait da. Zuk idatzitakoa literatura izateko irakurlea behar da. Idaztea gainera oso bakarkako lana da eta irakurtzea ere gehienetan bakarkako kontua izaten da. Bi bakardade horiek elkartzen direnean sortu daiteke miraria eta horren bila nabil ni. Irakurle batek zure esaldi bat bere egiten duenean hor hartzen du arrazoia, hor justifikatzen da zure lana.
- 'Azken etxea' liburuan zahartzaroari buruzko hausnarketa sakon eta landua plazaratu zenuen. Urte eta erdi daramazu gizarteari egindako kritika hori publikoki defendatzen. Nolako erantzuna jaso duzu?
- Bitxia da gizarte bezala zahartu nahi dugulako, ez dugu hil nahi. Baina ez dugu sekula santan zahar bilakatu nahi. Nik probokatzeko esaten dut zaharra naizela, ze zaharra naiz. 76 urte ditut, noiz demontre da bat zaharra ez bada 76 urterekin. Baina esaten dudan bakoitzean bada norbait esaten duena 'ez, ez, ez'. Baina hau ez da betiko kontua, ni gazte nintzenean bizitzaren gailurra helduaroa zen gazteak ginen ikasten ari ginenak heldu izateko eta batzuetan itxura ere antzeztu egiten genuen zaharragoak ginela frogatzeko, seriotan hartuko bagintuzten. 68aren inguruan paradigma hori aldatu egin zen eta orain bizitzaren gailurra gaztaroa da eta hortik aurrera dena da maldan behera. Horregatik ahalegintzen gera hain modu patetikoan gaztaroa antzezten, itxura gazteagoa izan behar du batek beti, denbora guztian, zure nortasun agiriak dioena baino gazteagoa.
Gai berari loturik
- Gizarte bezala zahartze aktiboa aldarrikatzen da -hartu yoga klaseak, bidaiatu imsersoarekin-, baina zuk salatu bezala atseden hartzera gonbita ere konstantea da.
- Gizarteak agintzen dizu adin batetik aurrera, eta nik aspaldi gainditu nuen, deskantsatu egin behar duzula. Nik ez daukat ezer ibilbide hori hartzen dutenekin eta deskantsatu nahi dutenek, primeran! Baina nik ez dut deskantsatu nahi, nik idatzi egin nahi dut. Gizarteak ez zaitu horretara bultzatzen, bazter batean atseden hartzera baizik, Benidormen edo zure etxean, erabakiak hartzen diren lekutik kanpo. Erabakiak beste batzuk hartzen dituzte -dela familia, direla erakundeak- zure onerako. Askotan esaten diot nire buruari ni ez naizela nor, ez naizela etorri mundu honetara, irakastera. Ikastera etorri naiz eta ari naiz zahartzeko modu bat ikasten.
- Ikasten jarraitzeko asmo horretatik ere izan daiteke zahartzeko beste bide bat, beraz.
- Hori da aldaketa nagusienetako bat, zahar tradizionalaren eredua amaitu da. Lehen ikasi beharreko guztia ikasia zuen, jakinduria oro hor omen zegoen eta irakatsi behar zuen. Zahartzaro berri baten adierazpena da orain zahar askok ikasi nahi dugula eta eredu pila bat daude maila guztietan. Ez zaude bakarrik irakasteko, ikasteko ere zaude. Nik behintzat irakasteko gutxi daukat eta ikasteko asko. Zahartzaroak duen abantaila bat da denbora gehiago izan duzula ikasteko, ez zaitu horrek jakitun bihurtzen, noski.
- Zahartzeko eredu ezberdinak dituzten emakumeak dira 'Azken etxea' liburuko protagonistak. Hainbatetan esan duzu irakurri ez duenari azaltzeko lan zaila dela. Zer topa dezake irakurleak?
- Kontakizun bat da, zer gertatzen den, eta hausnarketa atzean dago. Hasi nintzenean gauza bakarra nuen argi: istorioa kontatu ahala gertatuko zela, noizean behin flashback txikiren bat da, baina irakurleak irakurtzen duen momentuan gertatzen ari da. Bizitzan helburu batzuk dituzten emakumeena da, horien atzetik doazenak. Helburuak nireak diren ala ez, ez du axola. Asko azpimarratzen da irakurleak ispilu bat bilatzen duela idazten duzun horretan, baina ez dut uste . Ni irakurle bezala ez nabil nire ispiluaren bila, beste batzuen bizitzan sartzeko aukeraren bila baizik.
- Ikasten jarraitu nahi duzula esan duzu, idazten ere?
- Lehenengo gertakizuna 'Azken etxea' gaztelaniara itzuliko dela izango da, Consonni argitaletxearekin. Datorren urtean izango da. Momentu honetan daukadan denbora guztia kentzen didan lan profesional bat dut eskuartean, baina idazten jarraitzeko asmoa daukat bizitzak uzten didan bitartean. Ez dut ezer zehatzik, zertxobait bai noizean behin ideiak datozkidalako eta apuntatzen ditudalako, baina ez daukat denbora hori lantzeko.
- Lan egiteko prozeduran, nahiago oharrak hartzen joan eta garatu ala eseri eta kolpez dena landu?
- Tarteka ideia batzuk sortzen dira, baina egia da batzuetan eseri naizela ordenagailu aurrean nora noan jakin gabe. Badira idazleak hasieratik bukaerara mapa edo plan bat dutenak, baina i ez naiz halakoa, senari egiten diot kasu.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Horarios, consejos y precauciones necesarias para ver el eclipse del sábado
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.